Erakunde publikoen informazioa

Etxeko animaliak zaintzeko gomendioak zabaldu dituzte

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 18a, 10:03

Bizilagun bat txakurra paseatzen, alarma egoeran.

Epainiako Animalien Eskubideen Zuzendaritzak alarma egoeran errespetatu beharreko hainbat gomendio zabaldu ditu etxeko animaliei dagozkienak. Besteak beste, gomendio sorta horrek dio animaliak kalera ateratzeko denborak mugatua izan behar duela eta etxerakoan haien buztanak eta hankazpiak gel desinfektatzaile batekin garbitu behar direla. Bestalde, birusarekin positibo eman duten pertsonen kasuan, berriz, gomendatu dute, ahal dela, animaliak beste norbaitek zaintzea.

Espainiako Gobernuak berriki sortu duen Animalien Eskubideen Zuzendaritzak maskoten zaintzarekin lotutako jarraibideak eta gomendioak helarazi berri dizkie tokian tokiko erakundeei; Soraluzeko Udalari ere bai.

Lehenik eta behin, azpimarratu dute ez dagoela ebidentzia zientifikorik etxeko animaliak Covid-19az kutsatzen edo transmititzen direla esaten duenik.

Gomendioak

Ohiko gomendio orokorrez gain (esku-garbiketa, distantzia...), etxeko animalien zaintzari dagozkion gomendio sorta zabaldu dute:

  • Animalia ukitu ondoren, eskuak garbitu eta ez ukitu norbere ahoa, sudurra edo begiak.
  • Kaletik etxeratzean, txakurren buztanak eta hankazpiak gel desinfektatzailearekin garbitu behar dira.
  • Covid-19an positibo eman duten pertsonen kasuan, haien maskotak, ahal dela, beste norbaitek zaindu beharko lituzke.
  • Hori ezin bada egin, ahal dela, garbitasun neurriak zorroztu egin behar dira; animaliaren aurrean maskarilla erabili behar da eta animalia ahalik eta gutxien ukitu.

Zer egin behar den, eta nola:

  • Animaliak denbora mugatuan atera behar dira kalera, haien beharrak egiteko denbora beste.
  • Kalean ahalik eta jende gutxien dagoenean atera behar dira.
  • Saihestu egin behar da bestelako animaliekin zein pertsonekin kontaktua izatea.
  • Txizak garbitzeko, detergentearekin nahastutako ur-botila eramatea.
  • Txakur kakak batzea.
  • Segurtasun indarrei eskatu diete arretaz zaintzea “txakurren alokairua” eskaintzen dituzten web orriak.
  • Katu-koloniak elikatzeko orduan, ahalik eta jende gutxien dagoenean joan, eta ahalegindu denboran luzatzen jate-emate horiek.

Era berean, gogorarazi dute allbaitaritza klinikak zabalik daudela, baina aldez aurretik txanda eskatu behar dela, itxaron geletan jende-pilaketa saihestu ahal izateko.