Hilketa matxista ozen gaitzetsi dute soraluzetarrek

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 17a, 09:24

Bart gaueko isiltasuna apurtu egin zuen soraluzetarren zaratak. Balkoietara eta leihoetara irten, eta kazolak, zartaginak eta bestelakoak baliatuta, Octavia Gomezen hilketa salatu zuten. Soraluzeko Mugimendu Feministak eskatu du gaur, martitzena, gauza bera egiteko Euskal Herriko gainerako udalerrietan, 21:00etan.

Atzo gauean, udalerriko puntu askotan entzun zen Octavia Gomez Pintadoren hilketarengatik protesta zaratatsua.

Herritarren gaitzespenaz gainera, bestelakoak ere izan dira.

Irtenbiderik ez

Emakumeen Mundu Martxak, esaterako, gogora ekarri du Octavia Gomezen hilketarekin, astebetean hiru emakume hil dituztela Hego Euskal Herrian. Salatu dute Madrilgo gobernuak eta Lakuako eta Iruñeko gobernuek matxismoaren kontra ezarritako neurriak ez direla nahikoa.

Salatu dute, era berean, konfinamenduan, erasotzailea eta erasoa jasaten duen emakumea itxialdian egoteak ekar ditzakeen balizko egoerak konpontzeko ez dituztela irtenbiderik jarri. “Horren aurrean, irtenbide errealak eta errealistak” eskatu dituzte, “koronabirusaren krisian zehar indarkeria horri aurre egin ahal izateko”.

Halaber, gaur, martitzena, dei egin dute kazeroladak egiteko Euskal Herriko udalerrietan, 21:00etan.

Soraluzeko EH Bildu

Soraluzeko EH Bilduk, berriz, udalerrian izandako azken hilketa salatzeaz batera, azpimarratu du oraingo egoera ezohikoa bada ere, emakumeen kontrako indarkeria egiturazkoa dela.

Halaber, egunotan, etxean geratu behar garela kontuan hartuta, bereziki gogoan izan dituzte egoera bulnerableenetan bizi diren pertsonak, batik bat, “erasotzaileekin etxean bizi behar duten horiek”. “Osasuna guztien erantzukizuna den moduan, matxismoaren kontrako borroka ere hala da”, adierazi dute.

Elorrioko Udala

Gaitzespen mezu horiekin batera, besteak beste, Elorrioko Udalak ere egin du berea, izan ere, Octavia Gomezen ustezko hiltzailea udaltzaina da Elorrion.