Erakunde publikoen informazioa

Kontsulta mediko presentzialak bertan behera

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 16a, 08:59

Soraluzeko anbulatorioko aurrez aurreko kontsulta medikoak bertan behera laga dituzte, 15 egun barrura arte, gutxienez. Analitikak ere bertan behera geratu dira, onkologikoak edo larrialdietakoak izan ezik. Bestalde, Elgoibarko PACa itxi egin dute.

Honako neurri ezohikoak hartu dituzte Soraluzeko anbulatorioan datozen 15 egunotarako, gutxienez.

  • Ez dituzte analitikarik egingo. Onkologikoak eta urgenteak salbu.

  • Erizaintzako kontrol kontsultak bertan behera laga dituzte, Sintrona salbu eta aldez aurretik zehaztutako kurak salbu.

  • Medikuak ahaleginduko dira telefonoz ematen arreta.

  • Beharra duten herritar guztiak artatuko dituzte, baina herritarrak etxetik irtetea saihetsi egin behar da.

Elgoibarkoa

Elgoibarko PACari dagokionez, atzotik dago itxita. Asteburuetan bakarrik emango dute arreta bertan, 08:00-20:00ak bitartean. Telefono bidezko arreta jasotzeko, honako hauxe da telefono zenbakia: 943 03 26 10. Hala jakinarazi du Debabarreneko ESIko gerente Marbella Garciak.

Bien bitartean, norbaitek aurrez aurreko osasun arreta behar badu, Eibarko Torrekuako PACera jo dezake; larrialdi egoeran, beriz, Mendaroko ospitaleko larrialdi zerbitzuetan artatuko dute.

Mendaro

Mendaroko ospitaleari dagokionez, han bertan behera laga dituzte espezialisten kontsultak. Horrez aparte, aldatu egin dute larrialdi pediatrikoetarako arreta-gunea.

Barren.eus atariak jaso ditu Mendaroko ospitalearen zerbitzuen gaineko informazio gehiago