Gaur, Espainiako presidenteak Errege Dekretuz agindutako herritarren konfinamendua indarrean sartu da. Egoera berri eta ezohikoaren aurrean, bihar, astelehena, Soraluzeko Udal Gobernuko ordezkariek udalerriko hainbat sektoretako ordezkariekin bilerak egingo dituzte, “hartu beharreko neurriak adosten joateko”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak.
Goizean izango dira bilerak, eta haien ondotik jakinaraziko dituzte zeintzuk diren neurri berriak. Kooperatibak, esaterako, dagoeneko iragarri ditu bereak.
Barikutik dena desbedin
Soraluzeko Udala bera ere barikuan hasi zen neurri bereziak hartzen: udal eraikin eta zerbitzu gehienak itxi, kultura jarduerak betan behera laga eta beste hainbat zerbitzuren erabilera murriztu egin zuen.
Esaterako, murrizketen ondorioz, bihartik, astelehena, udaletxera bakarrik bertako langileak sartu ahalko dira. Eta herritarren arretarako bi gune izango dira:
-
Herritarrendako arreta-bulegoa: 943 75 30 43.
-
Udaltzaingoa: 943 75 30 24.
Bi gune horietara banan-banan sartu beharko da, eta ezarritako distantziak gorde. Ahal den guztietan, gainera, harremanak telefono bidez edo bide elektronikoa erabilita egitea eskatu dute.
Elkar kutsatzea ekiditeko neurriak
Horrekin batera, lasaitasunerako mezua ere helarazi du Soraluzeko Udalak: “Soraluzeko Udalak lasaitasunerako deia helarazi nahi die herritarrei. Hartutako neurriak aldi bereko kutsatze masiboa ekiditeko prebentziorako dira. Janari eta lehengaien hornidura bermatuta dago, eta zentzuz jokatzea eskatzen da, agintariek emandako gomendioak jarraituz”.
Halaber, gogora ekarri du gaixotasun sintomak izanez gero ez dela joan behar Osasun Zentrora, eta ez dela deitu behar 112 telefono zenbakira, baizik eta 900 20 30 50 zenbakira.