Gaur, domeka, guztiz ezohiko irudia erakusten du Soraluzek. Apenas dabil herritarrik kaleetan.
Kaferik ez
Hala ere, mugimendua egon badago. Mendizabal okindegian, esaterako, kontatu dute ia ogi barik gelditzen ari direla. “Atzo, jendeak ogi asko erosi zuen, eta pentsatzen genuen gaur ez zela ia inor etorriko, baina ia ogi barik gaude”, kontatu du Inmak.
Hori bai, okindegi barruan murriztu egin dute bertan egon daitekeen jende kopurua: “Saltzaile bakarra dagoenean, erosle bakarra egon daiteke. Bi gaudenean, bi. Eta beste guztiek kanpoan egon behar dute itxaroten”. Hala, jendea kanpoan itxaroten egon da; eta horrez aparte, ipini dute kaferik zerbitzatzen ez dutela iragartzen duen kartela.
Bolintxo okindegian ere kontatu dute jendea ari dela ogia erosten. Eta han ere neurriak hartu dituzte jende pilatzerik egon ez dadin. “Nik, Iratxon bezala, ipini dut, asko jota, hiru lagun egon daitekeela barruan. Beste guztiak kanpoan”, esan du Amaia Aldazabalek. Eta eskatutakoa fin errespetatu du jendeak, argazkiko ilarak erakusten duen moduan.
Egunkari asko agortuta
Iratxo goxo-dendan hartu dute, hain justu, saltoki barruan, asko jota, hiru lagun egotearen erabakia euren kabuz. “Guri inork ez digu ezer esan, baina pentsatu zait modu horretara erosleen arteko distantzia nahikoa gordetzen dela”, esplikatu du Itziar Agirre ugazabak.
Hark gaineratu duenez, egunkari asko agortu egin dira goizean. Eta herritar batek baino gehiagok “probisioak” erosi ditu, datozen egun hauek ahalik eta ondoen pasatu ahal izateko.
Tabernak itxita
Tabernei dagokienez, guztiak daude itxita. Ixteko arrazoiaren gaineko kartelak ipini dituzte pertsianetan zein ateetan.
Terrazak batuta daude.
Arrano tabernak, berriz, aldarrikapena egin du atean jarritako kartela baliatuta.
Eliza ere itxita
Bestalde, Soraluzeko parrokiaren ateak gaur ez dira zabaldu. Ezta ere, beheko kapilakoak. Idazki batekin jakinarazi dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren neurriak aztertu ondoren erabaki dutela bertan behera lagatzea Eukaristiaren ospakizun publikoak, "parrokiak deitutako pertsona gutxi batzurekin Eukaristia ospatzera gonbidatzen ditugu apaizak", dio idazkiak.
Bataioak, ezkontzak… atzeratu egin dituzte, "Sakramentu guztien ospakizun publikoak", alegia.
Eta diote, besteak beste, hileta elizkizunen kasuan, familiekin adostuko dutela prozedura.
Parkeak eta jolaslekuak hutsik
Erabat hutsik egon direnak udalerriko parkeak eta jolaslekuak dira.
Ertzaintza ari da bueltaka
Bestalde, Txuritxu gozo-dendan jarlekuak mahaietara igota zeuden; izan ere, goizean Ertzaintza joan zaie esanez ezin dutela kaferik zerbitzatu barruan kontsumitzeko.
Hain justu, agintarien neurriak betetzen direla ziurtatzeko, ertzaintza ibili da eta dabil udalerriko kaleetan, oinez zein autoz, etxeratu egin behar dela ohartaraziz. Megafonia ari dira erabiltzen hori esateko.
Lekukoek kontatutakoaren arabera, poliziak bidegorrian paseatzen zebiltzan hainbat herritar bidali dituzte etxera goizean. Hala ere, eguerdi partean familia bat baino gehiago joan da bertara paseatzera.
Karakaten ere egon da polizia, han herritar pilaketarik ez zela ziurtatzeko. Herritar batek kontatu du hutsik zegoela Karakateko aparkalekua.
Bestalde, gutxi, oso gutxi, baina bidegorrira joan direnak moduan, izan dira beste hainbat ere agintariek ezarritako neurriak errespetatu ez dituztenak udalerri barruan.