Greba etetearekin, erabaki "koherentea" hartu dutela azpimarratu dute ELA sindikatutik, greba hasi zutenetik erakutsi duten "erantzukizun portaerarekin" bat datorrelako. Finean, gogora ekarri duten moduan, eurak egiten dabiltzan grebaren helburua baita "langile gehiago eta baldintza hobeak" lortzea "adinekoen arretarako".
Neurrien kontrol eza
Halaber, salaketa ere egin dute sindikatutik, esanez, "Aldundiak ez duela kontrolatzen koronabirusaren aurrean enpresak ze neurri aplikatzen ari diren. Horixe gertatzen da hain sentikorra den sektore bat enpresa pribatuen eskuetan uzten duzunean, haien etekin ekonomikoak bakarrik lehenesten dituztela. Enpresa bakoitzak bere interes ekonomikoen arabera jokatzen duela, eta ez erabiltzaileen, langileen eta gizartearen interesen alde".
Berezko "alarma egoera"
Bukatzeko, honako mezua helarazi dute: "Sektore honen egoera, berez, alarma egoera bat da koronabirusa egon ala ez, greba egon ala ez, egunerokotasunean dagoen egoera da baita benetan alarmista dena. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari eskatzen diegu langile gehiago egon daitezela eta behingoz gatazka konpon dezatela, sektore honetako langileei tresna gehiago eta baldintza hobeak eman ddiezazkieten. Koronabirusarekin edo gabe, kalitatezko zerbitzua eman nahi diegu gure adinekoei".