Koronabirusa

Bihar, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarriko du

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 13a, 16:49

Pedro Sanchez prentsaurrekoa ematen.

Bihar, zapatua, Espainiako Gobernuak Covid-19aren pandemia geldiarazteko alarma egoera ezarriko du. Muturreko neurria da hori, eta besteak beste, legez mugatu ditzake pertsonen mugimenduak, estatu osoan edo zati batean. Bestalde, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdiko egoera deklaratu du.

Osasun larrialdiko egoera dekretatu ondoren, Jaurlaritzak eskumen bereziak izango ditu jendea konfinatzeko, zenbait tokitara sartzea galarazteko eta zerbitzu pribatuen jarduera erabakitzeko. Goizean egin du Iñigo Urkullu lehendakariak urgentziazko prentsaurrekoa, eta bertan azpimarratu du oraindik ez dela iritsi "okerrena". 

10.000 kutsatuak gainditu

Bestalde, Espainiako presidente Sanchezek iragarri du bihar, zapatua, alarma egoera dekretatuko duela, eta baliabide zibilak eta militarrak, publikoak zein pribatuak bideratuko dituela koronabirusaren aurkako borrokara.

Ministro Kontseilua bihar goizean batzartuko da, eta haren ondoren jakinaraziko dituzte zeintzuk diren indarrean jarriko dituzten neurri berriak. "Aste gogorrak etorriko dira, eta ezin da baztertu datorren astean 10.000 kutsatuen kopurua gainditzea", azpimarratu du Pedro Sanchezek.