Koronabirusa

Bihartik, eten egingo dituzte eskolak Haurreskolan, eskolan eta institutuan

Erredakzioa 2020ko mar. 12a, 13:15

Plaentxi Eskolaren kanpoko aldea, gaur.

Eusko Jaurlaritzak komunikabide bitartez jakinarazi du bihartik, barikua, bertan behera lagako dituztela eskolak EAEko ikastetxe guztietan. Ondorioz, Haurreskolan, Plaentxi Eskolan eta Institutuan ez da ikaslerik izango. 15 egunez luzatuko da neurria, birusaren kutsadura murrizteko ahaleginean, Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi duenez.

Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietako eskolak bertan behera lagatzea. 

Edozelan ere, azpimarratu du eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia ez dela eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar; "aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten. Horregatik, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da", dio dekretuak.

Dekretuan gaineratzen denez, aldi horretan, "irakasleei dagokiela material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, Sailak alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango du".

Espazio itxiak saihestu

Horrez gain, Osasun Sailak zera ere gomendatu du: "Nahiz eta ikasleek etxeko bizitza normala egin, ahal den neurrian saihestu dezatela taldeko jarduerak egiten diren esparru itxietan egotea. Era berean, osasun-agintarien gomendioak betetzeko eskatzen dizuegu, hartutako neurriek birusa kontrolatzen lagunduko dutelakoan".