Greba luzatu egin dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 11a, 12:05
Egoitzetako grebalariak Donostian, Martxoaren 8an. Argazkia: ELA.

Apirilaren 8ra arte luzatu dute zaharren egoitzetako langileen greba. Joan den astean, greban diharduten Gipuzkoako hainbat langilek itxialdia egin zuten Donostiako emakumeen etxean, Diputazioari premiazko batzarra eskatuz. Hark, baina, ez die erantzun. Hori horrela, protestan segitzea erabaki dute langileek. Gaur, Soraluzeko egoitzako grebalariek elkarretaratzea egingo dute.

Greban diharduten Mesedeetako egoitzako langileek, gaur, 18:30ean egin dute hitzordua. Plaza Berrian elkartuko dira, eta bizi duten gatazkari buruzko esku-orriak banatuko dituzte, elkarretaratzea egiteaz bat.

240 egun greban

Gaur, martxoak 11, 240. greba eguna bete dute Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek, ELA sindikatuaren eskutik.

Besteak beste, eta pasatu berri den Martxoaren 8aren harira Diputazioak egindako adierazpenei erantzunez, egoitzetako langileek gogora ekarri dute %90ean Diputazioak finantzatuta dagoen zerbitzu publikoa dela erresidentzietakoa, eta gizonezko langileak dituen azpikontratatutako maila bereko beste zerbitzu publiko batekin alderatuz, urtean 6.000 euro gutxiago kobratzen dutela. "Soldata arrakalarekin benetan amaitu nahi baldin badu Aldundiak, aukera paregabea dauka erresidentzietako gatazka konpondu eta aste honetan hartu duen konpromisoa betetzeko", berretsi dute.