Duela urtebete estreinatu zen dokumental bat emango dute gaur, martitzena, antzokian: Zauria(k) izenekoa, hain zuzen ere. Eromena, gaizki egotearen sentipena eta osasun mentala ikuspegi feministatik lantzen dituen ikus-entzunezkoa da. Sufrimendu psikosoziala, genero bizipenak eta 9 emakumeren errealitateak barne hartzen ditu lanak. "Izendatzen ez dena ez delako ikusten, eta ikusten ez dena ez delako existitzen", diote sustatzaileek.
Dokumentala ikusteaz gain, lanaren zuzendarietako batekin hitz egiteko aukera ere izango dute gaur antzokira hurreratzen direnek. Zaurgarritasunaz, zaintzaz, gaizki sentitzeaz, kolektiboaz eta generoaz ariko dira solasean. Emanaldia Udaleko Emakumeen Topaguneak antolatu du eta 18:30ean hasiko da.