Oraingoz, Soraluzeko ikastetxeetan ez dute koronabirus kasurik antzeman. Hala ere, hasi dira zorrozten Covid-19-ari aurre egiteko prebentzio neurriak.
Eskola, Institutua eta Haurreskola
Atzo, astelehena, hasi ziren aplikatzen Osasun Sailetik helarazitako neurri berriak Plaentxi Eskolan, Institutuan zein Haurreskolan: ikasgelak ondo aireztatu behar dituzte; ikasleek patiora sartu-irtena egin aurretik eta ondoren eskuak garbitu behar dituzte; gauza bera jangelara doazenean, eta berdin komunera doazenean ere; ikasgela bakoitzean, behin erabiltzeko mukizapiak ipini dizkiete eta horiek pedala eta estalkia duen kubo batera bota behar dituzte. Horrekin batera, doministiku eta eztula zela egin erakutsi diete.
Institututik, berriz, jakinarazi dute atzo bertan helarazi zietela gurasoei zaindu beharreko jarraibideak. Kontsulta daitezke hemen klikatuta.
Ikasleez eta irakasleez aparte, ikastetxeetako garbitzaileak ere hasi dira neurri bereziak hartzen. Esate baterako, ateen eskulekuak bereziki garbitu behar dituzte, barandak ere bai, eta garbiketa egiterako orduan, ze pauso eman azaltzen duten hainbat jarraibide helarazi dizkiete.
Etxean zaindu beharrekoak
Ikastetxeetan hartu beharreko neurriez gainera, etxeetan ere beste hainbat neurri hartzea eskatu dute erakundeetako ordezkariek. Atzo arratsaldean helarazi zituzten eskaerok, Jaurlaritzaren, diputazioen eta udalen ordezkarien arteko bileraren ondoren.
Eskatzen dute, besteak beste, ikastetxera joan aurretik, umeei tenperatura hartzea, eta 37 gradu edo gehiago badute, eta arnas arazoak baldin badituzte, etxean geratu beharko dira. Tokikomeko partaide den Goiena.eus atarian daude jasota xehetasunak.
900 20 30 50
Hala ere, Plaentxi Eskolatik jakinarazi dute bi ume, behintzat, bidali dituztela etxera, ikasleak eurak ikastetxera gaixo joan baitziren. Halaber, gaineratu dute gaixo dagoen ikasleren bat ikastetxean antzematen baldin badute, zuzenean haren gurasoei abisatu eta etxera bidaltzea dela euren betebeharra, protokoloa jarraituz.
Etxekoek, berriz, osasun zentrora joan beharrean, 900 20 30 50 telefono zenbakira deitu behar dute, eta abisu eman.