Libre izateko eskubidea; libre erabakitzekoa; kalean, etxean, edonon libre eta lasai ibiltzekoa; gauez, norekin, noiz eta zela egon libre aukeratzekoa… finean, bizitza eta bizimodua libre aukeratzeko eskubidea.
Horixe da gaur, Martxoaren 8an, Soraluzen ehunka bizilagunek haizatu duten mezu nagusia.
Gaur, guztiak ahizpa
Harekin bat eginez, manifestazioan izan dira M8 Plataformako kideak, pentsiodunak, gazteak, egoitzako langileak, familia bereko hainbat belaunalditako emakumeak, eskolako irakasleak… oro har, gizartea osatzen duten espektro guztietako emakumeek (eta gizonezko batzuk ere bai) kaleak hartu dituzte gaur eguerdian Soraluzen.
Atzotik herria morez jantzita lagata, eguerdi patean abiatu den manifestazioak globo moreak eta emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzten mezuak izan ditu lagun.
Protestarako unea izan da horixe, eta ozen partekatu dute; halaber, amaieran, dantzarako eta kanturako tartea ere hartu dute, eta emakumeak, borobilean jarri, elkarri eskutik heldu, eta Irradaka, esanahi benetan berezia eta dantzako egitura zaharrenetakotzat duen dantza dantzatu dute, Bella Ciao kantu iraultzaileren bertsioarekin bukatuz. Aipatzekoa da, baita ere, ekitaldi guztietan partaideek umore ona eta irribarre handiak erakutsi dituztela bereziki.