Hustu egin dute BBVA

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 6a, 12:05

BBVA husten, atzo.

Atzo, eguena, BBVAren antzinako bulegoak husten egin zituzten. Oraindik ere bertan zegoen diru-makina eraman egin zuten, geratzen ziren altzari apurrak ere bai, eta BBVA zioen letreroak behin betiko kendu zituzten. Baziren 6-7 bat urte BBVAren Soraluzeko bulegoa itxi zutela. Lokalaren jabetza Madrilgo enpresa batek du, eta oraingoz, lokalak hutsik segituko du. 

Herri txikietan galtzen dabiltzan zerbitzuen adibide garbia da BBVArena. Gutxienez, 1960ko hamarkadatik eskaini du zerbitzua Soraluzen. Baina, zerbitzuak herri-hiri handietara eramateko eta Internetez eskaintzeko joerarekin bat eginez, BBVAk itxi egin zuen Soraluzeko bulegoa orain dela 6-7 bat urte.

Oraingoz, hutsik segituko du

‘Patria’ telesailaren grabaketetan erabili zen hura azkeneko aldiz, iaz, langileendako zerbitzuak bertan jarri zituzten-eta aldi baterako. Gero, berriz itxi zituen ateak, eta atzo, eguena, guztiz hustu zituzten banketxearen bulegoak zirenak. Diru-makina eraman egin zuten, eta baita BBVA zioten letreroak ere. 

Orain, bada, orain arte baino hutsago gelditu da banketxearen antzinako lokala, eta itxura du epe ertain-luzean segituko duela horrela. Izan ere, lokala salgai zein alokatzeko, bietara egon da aukeran, baina oraingoz, ez du ez eroslerik eta ezta maizterrik aurkitu ere.