Koronabirusa

Hasi dira koronabirusarekin lotutako protokoloak aktibatzen

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 6a, 10:47

Koronabirusaren aurrean hartu beharreko prebentzio neurrien kartela, anbulatorioan.

Koronabirusa dela-eta, elkarren artean kutsatzeko arrisku handia duten, edo arrisku-taldeetako erabiltzaileak dituzten zentroetan hasi dira koronabirusari aurre egiteko protokoloak aktibatzen: Mesedeetako egoitzan, Plaentxi Eskolan, Haurreskolan, anbulatorioan eta eguneko zentroan, besteak beste. Hori bai, oraingoz, Soraluzen ez da koronabirus kasurik antzeman. Hala ere, farmazietan ez dago, ez maskararik eta ezta ere gel esterilizatzailerik.

Udalerrian, hasi dira aplikatzen koronabirusari aurre egiteko neurriak. Mesedeetako egoitzan, esaterako, egoiliarrendako bisitak murriztu egin dituzte: goizez, 11:30etik 12:30ak bitartean egin ahal dira bisitak, eta arratsaldez, 17:30etatik 18:30ak bitartean. Bisitari kopurua ere murriztu egin dute, eta egoiliar bakoitzak jaso ahal du, bisitako, bisitari bakarra.

Horrekin batera, egoitzara sartzen diren guztiek eskuak garbitzeko betebeharra eta gel esterilizatzailea erabiltzeko betebeharra dute, eta tenperatura neurtuko diete.

Halaber, egoitzako azpiegiturekin lotutako bestelako aldaketa batzuk egiten ere hasita daude. Astelehenean jasoko dute egokitzapen guztiak bukatzeko beharrezko materiala.

Batzorde iraunkorra

Horrez aparte, Elena Beristainek, egoitzako zuzendariak azaldu duenez, gaur iritsi zaie Osasun Sailetik bidalitako protokoloa, eta hura aztertzeko batzarra egingo dute gaur arratsaldean bertan, barikua. 

Kononabirusarekin lotutako batzorde iraunkorra osatuko dutela ere jakinarazi du Beristainek. “Dena den, hemen, orain dela bi urte hasi ginen neurri zorrotzak hartzen, bestelako gaixotasunak gure artean ez kutsatzeko, eta ondo funtzionatu dute”, gaineratu du Soraluzeko egoitzako zuzendariak.

Anbulatorioan dena ondo

Anbulatorioari dagokionez, bertako sarreran bista-bista ipini dituzte zaindu beharreko neurriak zeintzuk diren azaltzen dituzten kartelak, batik bat, garbiketarekin lotutakoak. Gaixotasunaren sintomak dituztenendako arretarako telefono zenbakia ere bertan dago ipinita: 900 20 30 50. 

Eta norbait anbulatoriora bertara sintomekin joaten bada, harekin segitu beharreko protokoloa ere gertu dute. Besteak beste, halako kasuetan, gaixoari galdeketa egin behar diote, dituen sintomen gainean, ea arrisku-lekuren baten edo arrisku-pertsonaren batekin egon diren ala ez… 

Eguneko zentroan, adi-adi

Bestalde, eguneko zentroan ere jaso dute segurtasun protokoloa eta zaindu beharreko hainbat jarraibide. Kasu horretan ere, batik bat, garbiketarekin lotutako jarraibideak helarazi zaizkie. Eta arreta-gunea, bereziki, langileengan jarri dute, haietako bat kutsatuz gero, ingurukoak kutsatzeko arriskua nabarmen handituko bailitzateke. Iñaki Revueltak, Aita Menni ospitaleko komunikazioko kideak azaldu duenez, Osasun Sailetik helarazitako ildoak jarraitzen dabiltza, protokoloak aplikatzen eta jarraibideak zaintzen, eta tokian tokiko diputazioen argibideak errespetatzen.

Eskolan, gaur aztertu

Plaentxi Eskolari dagokionez, berriz, hango zuzendaritzak joan den astean helarazi zien gurasoei koronabirusarekin lotutako hainbat gomendio. Edozein modutan, atzo, eguena, jaso zuten Osasun Sailetik bidalitako protokoloa, eta gaur aztertuko dute hura. Behin aztertuta eta hartu beharreko neurriak hartuta, astelehenean, eskolako ikasleekin eta gurasoekin partekatuko dituzte zenbait jarraibide.

Haurreskola eta Udala

Soraluzeko Haurreskolan ere, besteak beste, atzo ipini zuten koronabirusari aurre egiteko gomendioen jakinarazpena, zentroko sarreran, eta han ere zela jokatu jakitun dira. 

Eta Soraluzeko Udalak ere asteon argitaratu ditu zeintzuk diren zaindu beharreko jarraibideak.

Maskarak agortuta

Ikusten denez, bada, koronabirusarekiko alerta nabarmen dabil handitzen Soraluzen ere. Hala ere, momentuz, udalerrian ez da koronabirus kasurik antzeman, eta eguneroko funtzionamenduak segitzen du ohikoa izaten. Hori bai, herriko farmazietan (eta Gipuzkoa osokoetan) agortuta daude bai maskarak eta baita ere gel esterilizatzaileak.