Nerea Mendizabal: "Haurraren beharrak asetzeko, kantitatea eta kalitatea, biak behar dira"

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 3a, 10:26
Nerea Mendizabal. Argazkia: Xanti Rodriguez.

Umearekin denbora, kantitatea ala kalitatea? izenburua duen hitzaldia eskainiko du Nerea Mendizabalek (Zestoa, 1976) bihar, martxoak 4, Haurreskolan. Psikopedagogoa eta gizarte hezitzailea da, komunikazio ez bortitzean zertifikazioa ere badu. Errudun sentimendua izaten ei dute guraso askok, eta hortik dator hitzaldia antolatzeko arrazoia. Bertaratzeko lekuak mugatuak dira; hala ere, oraindik leku gutxi batzuk geratzen direla jakinarazi dute Haurreskolatik.

Errudun sentitzen al dira gurasoak?

Daramagun bizi erritmoa seme-alabei eman nahi geniekeenarekin eta bizitzako beste aspektu batzuekin uztartzea ez zaigu erraza egiten. Horrez gain, guraso ona izatea zer den ere norbere idealetan egoten da. Orokorrean, pentsatzen badut baliotsua izateko gauzak lortu behar ditudala, ba lortu beharko dut langile ona izatea, bikote ona izatea, ama ona izatea eta lagun ona izatea. Eta noski, horiek denak lortu behar baditut... Gizarteak zein norberak jarritako presioen ondorioz sentitzen gara errudun.

Eta zela askatzen da korapilo hori?

Hartzen ditugun erabakiek sortzen dizkiguten pentsamendu edo sentsazioekin lotuta dago. Kontua da nola kudeatu nahi dudan errudun sentsazioa. Izan ere, errudun sentitu naiteke etxean ez egotearren egon nahiko nukeen moduan edo errudun sentitu naiteke familian egotearren ez nabilelako beste aspektu batzuk zaintzen. Errudun sentsazioa, normalean, niretzat inportanteak diren aspektu batzuk zaindu gabe ditudalako etortzen da. Bi eskuetan plater bana dugula irudikatu dezakegu. Lehen platerean, ezkerrekoan familian egotea gustatuko litzaidake gehiago; eta eskumakoan, berriz, landu nahi ditudan beste aspektu batzuk ditut: lana, kirola, lagunak... bi horiek nola integratu edo zaindu nahi ditudan da kontua. Bi platerei egin behar zaie kasu, ikusita eta ulertuta biak direla nire parte, biak existitu daitezen. Barruko bakea lortzea da gakoa. 


Zer da umeari kalitatezko denbora eskaintzea?

Kontuan hartuko bagenu umeekin zenbat denbora egoten garen, ez da hainbeste izaten. Sentsazioa dugu egun guztia umeekin gaudela, baina mandatuak egiten, bazkaria jartzen, lanean…Umeekin gaude fisikoki, baina haurrek behar duten presentzia, dedikazio esklusiboa, eurei entzutea, ulertzea, euren erritmoak errespetatzea... horiek denak kalitatearen barruan sartuz gero, filtroak murrizten doaz. Gurasook zalantza handiak izaten ditugu, kantitatea ala kalitatea, zer eman behar diegu? Kantitatea handia ez bada ere, kalitatea jarriz gero umearen beharrak aseta egongo direla justifikatzea nahi dugu, baina ezin dugu gure burua engainatu. Haurraren beharrak asetzeko biak behar dira: kantitatea eta kalitatea. Ez dago kalitaterik kantitaterik ez badago. Baina guk ere ,pertsona bezala, gure beharrak ditugu eta horiei arreta jartzen ez badiegu ez gaude kantitate edo kalitate ona emateko baldintza egokietan. Horregatik, garrantzitsua da norbera deseroso, kezkarekin edo errudun sentsazioarekin dagoenean, bi plateren kontua aklaratzea: epaitzen nauen alderdiak zer esaten didan egiten edo egiten ez nabilen ekintza horiez. Nola hartzen ditudan barne bakera eramango nauten erabakiak. Norberak oreka lortu duela sentitzea. Azken batean, barruko bakerik ez izatea ere trasladatu egiten zaio umeari. Umeari ezin diogu eman berak behar duena gure buruarekin ahazten bagara. Hegazkinetako azafatek esaten dute oxigenoaren maskarak erabili behar badira, lehenengo helduari jarri behar zaiola eta gero umeari. Bizitzan berdin.


Eta zela egiten da hori?

Ba, adibidez, nik nire aspektuak ez baditut alboratu nahi, baina aldi berean nire umearen beharrak ase nahi baditut, denbora planifikatu dezaket umeari eskaintzeko momentu batzuk izango ditudala ziurtatzeko. Berak behar duen moduan, interferentziarik gabe, dedikazio osoarekin eta, era berean, niretzat inportanteak diren bestelako gauzak eginez. Sarri, baina, gure pentsamenduetan bi estremotara joateko joera dugu: umeei dedikatzen natzaie edo umerik ez banu bezala egiten ahalegintzen naiz.