“Justizia emakumeentzat”

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 2a, 14:55
Hainbat herritar Kontzejupean, gaur eguerdian, astelehena.

Gaur, emakumeentzat justizia eskatu dute pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Martxoaren 8a bertan denez, batik bat, emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak salatu dituzte. Halaber, domekan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita egin dute.

Gaur eguerdian, zortzi puntu dituen komunikatua irakurri dute pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, Kontzejupean. Emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak eta, oro har, emakumeek jasaten duten “diskriminazioa, soldata eta pentsioen desberdintasuna eta sexu eta genero bortxakeria” salatu dituzte. 60 bat herritarrek parte hartu du protesta ekimenean.

Salaketak

Salatu dute, esaterako, %28ko soldata arrakala ematen dela gizonen eta emakumeen artean; emakumeek kotizazio baxuagoak izaten dituztela, haien kontratu tenporalek eta partzialek eraginda; herrialdeko aberastasunari ekarpena egin arren, emakume ugari kontraturik gabeko langile direla eta emakume ugarik indarkeria matxista jasaten duela.

Aldarrikapenak

Halako egoerei aurre egiteko, berriz, exijitu dute, besteak beste, kontraturik gabeko emakumeen lana aitortu dezatela, soldatetan eta pentsioetan berdintasuna berma dezatela eta kotizazioen baldintzak zuzentzea. 

Domekarako deia

Horrekin atera, domekan, Martxoaren 8an izango diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita helarazi dute: 

  • 11:30ean: Iradaka dantza, Plaza Berrian
  • 12:30ean: manifestazio mistoa, Plaza Berrian
  • 14:00etan: bazkari autogestionatua, Plaza Zaharrean
  • 16:00etan: serigrafia tailerra, Plaza Zaharrean