Ezingo da aparkatu GI-3331 errepidean

Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 09:12
GI-3331 errepidean aparkatutako ibilgailuak.

Soraluzeko Udalak ohartarazi du astelehenetik ezin izango dela GI-3331 errepidean aparkatu, Sagar Errekan. Txarto lagatako ibilgailuei isunak ipiniko dizkiete. Halaber, gogora ekarri du Udalak berak egokitu duela aparkaleku berria GOLeko langileendako.

Sagar Errekan, GOL enpresaren kanpoko errepidean ibilgailuak egoten dira aparkatuta, gaizki egon ere. Errepidearen errei bat okupatzen dute, eta "sortzen dituzten arazoak eta arriskuak gutxitzeko asmoz", Udalak ohartarazi du astelehenetik ezin izango dela bertan aparkatu.

Halaber, gogora ekarri du GOL enpresaren biltegiaren aurrean aparkaleku berriak egokitu dituztela, "orain arte errepidean aparkatzen zutenek bertan aparkatzeko aukera izan dezaten".

Xehetasunak galdetuta, Udaltzaingotik esplikatu dute, orain arte, sarri, beste ibilgailu batzuek, kamioiek tarteko, okerreko lekuan maniobrak egiten ibili behar izaten zutela. Pibotea ipinita ere, hura oker eginda azaltzen dela eguna joan eta eguna etorri. Eta inguruko baserritarrendako ere eragozpen izaten direla errepidean aparkatuta egoten diren ibilgailuek.

Horrekin batera, esplikatu dute lantegiak badituela 50 aparkalekutik gora. Eta, horrez aparte, auzoaren beheko aldean ere badagoela aparkatzeko lekua, baita lantegiaren esparru barruan ere.