Ba al zenekien?

Erredakzioa 2020ko mar. 1a, 09:05
Soraluzeko tren geltokia. Argazkia: Sorapedia.

Otsaileko azken efemerideetan, Indalecio Ojanguren hil zenekoa, trenaren Soraluzeko adarra kendu zutenekoa eta Sanson-en gaineko kontuak dakartzate Sorapediako lankideek.

1972ko otsailak 18

Indalecio Ojanguren Arrillaga eibartarra hil zen. Euskal Herriko argazkilari eta mendizale ezaguna izan zen. Eibarren Kajoitxu ezizenez zen ezaguna, XX. mende hasieran argazkilariek erabiltzen zituzten kutxa itxurako argazki-kamerengatik; gaztelaniaz, berriz, el Fotógrafo Águila goitizena erabili zuen. 
Euskal Herri osoa korritu zuen argazkiak hartzen, tartean Soraluze: ia 100 argazki gordetzen dira. 


(Gehiago jakiteko, sakatu hemen

1932ko otsailak 25

Koarteleko buruak telefonoa jartzeko eta fakturen kargu egiteko eskatu zion Udalari, Guardia Zibilaren Zuzendari Orokorrak eskatzen zuen moduan. 

Urteko 200 edo 300 pezetako gastua izango zelakoan, eta aurrekontua oso estua zenez, Udalak ezetz erantzun zuen. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen

1888ko otsailak 28 

The Placencia de las Armas Company Limited elkarteak 187.500 pezetatan erosi zuen La Euscalduna lantegia (fabrika zaharra). Elkarte hori Londresen sortu zuten hilabete batzuk aurretik, 1887ko azaroak 23an hain zuzen.

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen

1971ko otsailak 28

Maltzaga-Zumarraga tren adarra itxi zuten, eta Soraluzeko geltokia zerbitzuri gabe geratu zen. Aurretik, 1967ko abenduaren 31tik, Gasteizerako trena ere (The Anglo Vasco-Navarro Railroad Company) kendu zuten. 

1975. urtera arte instalazioak mantendu ziren, katenaria erabiltzen ari zirela indarra Bergaratik Maltzagaraino eramateko. Maltzagako azpiestazio elektriko berria zabaldu zutenean Soraluzeko trenbidearen istalazio guztiak desegin zituzten. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen

1944ko otsailak 29 

Justo Iriondok, Sansonek, erretiroa hartu zuen.

Ziortzan (Bizkaia) jaio zen, eta Elgoibarreko Sansongua baserrian hazitakoa. Zurgina ofizioz, 1889ko urriaren 1ean Soraluzeko Euscalduna fusil fabrikan sartu zen, gerora The Placencia de las Armas Company Limited eta SAPA izan zena. 
Indar handikoa eta abilezia bereziko gizona omen zen, batez ere bolumen eta pisu handiko (kanoi eta makinak) ondasunak manipulatu eta garraiatzeko. Izaera gogorrekoa, pioien maixuari dagokion indarrez agintzen zion sei peoiko talde bati. Herriaren etorriak laster jarri zien izena: Sanson eta sei filistiarrak. 


(Gehiago jakiteko, sakatu hemen