Lapurrak sartu dira Gabolatseko etxebizitza batean, gauez

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 28a, 11:02

Ertzaintzaren autoa lapurreta gertatu den etxearen aurrean.

Bart gauean, lapurrak sartu dira Gabolatseko etxebizitza batean, bizilagunak barruan lo zeudela. Dirua, ordulari bat eta telefono mugikor bi lapurtu dizkiete. Leihoak itxita zituzten, eta pertsiana erdi jaitsita. Modus operandi bera erabilita, udalerriko beste bi etxebizitzatan ere sartu ziren lapurrak urte hasieran.

Ezusteko ederra hartu du Gabolats kaleko bikote batek, goizean jaiki, eta lapurretan egin dietela jabetu denean. Ezusteko ederra, ezen, gauez sartu zaizkie lapurrak etxe barrura, eta bikoteak ez du ez ezer entzun, eta ezta ezer sumatu ere, nahiz eta gizona gauez esnatu egin den.

Atzetik sartu

Poliziak emandako informazioaren arabera, bigarren solairuko etxebizitza batera sartu dira oraingoan, leiho batetik sartu ere, nahiz eta hura itxita izan, eta pertsiana erdi jaitsita. Hori bai, etxearen atzeko aldean dagoen leihoetako bat erabili dute sartzeko, bigarren solairua izan arren, etxe horretako atzeko parteko leihoak baxuago baitaude. 

Besteak beste, horregatik uste du Ertzaintzak lapurrek lekua aldez aurretik ezagutu egin behar dutela, bestela zaila da-eta halako xehetasunen berri izatea.

Hirugarren kasua

Urte hasieratik hona, dagoeneko udalerriko hiru etxebizitzatan sartu dira lapurrak, modu bera erabilita. Gaiarekiko geroago eta ardura handiagoa dago herrian, batik bat, solairu baxuetan bizi diren bizilagunenak, ikusi baita leihoak ixtea, eta bizilagunak etxean bertan egotea ez dela eragozpen nahikoa lapurrak sartzeko. Gainera, udalerrian etxebizitza asko daude solairu baxuetan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.