Soraluce Kooperatibak ordezkaritza du Italiako Este eskualdean, Veneto esparruan: Soraluce Italia. 13 bat langilek dihardute bertan lanean, eta bete-betean harrapatu ditu koronabirusaren hedatzeak, Veneto da-eta, oraingoz, gaixotasunaren eragin-esparruetako bat, bakartu duten esparruetako bat, alegia.
"Ostiralean etxera"
Hala ere, Soraluceko langileak lasai daude, Lino Alberdi presidenteak azpimarratu duen moduan: “Ordezkaritzan bertako 13 lankide ditugu, eta hemengo bazkide bat han bizi da orain dela hilabete batzuk. Eurak lasai daude, nahiz eta egoerarekin arduratuta egon, normala den bezala. Kutsatzeko arriskuaren aurrean neurriak hartzen dituzte, baina momentuz nahiko normaltasunez ari dira lanean. Egia da, baita ere, beste bi hemengo lankide Italian daudela momentu honetan, eta datorren ostiralean etorriko dira etxera bueltan".
Badaezpadako neurriak
Alberdi bera ere Italiatik bueltatu berria da: “Ni joan zen astean egon nintzen gure ordezkaritzan, gaitzak eztanda egin aurretik. Egun bat egin nuen bertan, astelehen goizean irten nintzen Bilbotik, eta hurrengo goizean bueltatu nintzen. Veneziara heltzean, aireportuan gorputz tenperatura neurtzen ari ziren bertara heltzen ziren guztiei, eta egia esan arraroa egin zitzaigun Europako beste aireportuetan ez baitzuten horrelakorik egiten (ez Bruselan, ez Frankfurten eta ezta Bilbon ere).
Hala ere, kooperatiba bera bere kabuz dabil segurtasun neurriak hartzen: “Bidaiatzen duten pertsonak medikuarekin egoten dira irten aurretik, maskarillak banatzen dizkiegu, eta gel antiseptikoa ere ematen zaie, aholkularitzarekin batera”, esplikatu du Lino Alberdi presidenteak.