2019an %36 hazi da TOKIKOMeko webguneen kontsumoa

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 21a, 10:12
Tokikom bateraguneko hiru atari digital, sakelako telefonoetan.

Euskarazko tokiko komunikabideen Tokikom bateraguneko 30 hedabide digitaletan 36.380.205 ikustaldi izan ziren 2019an. Irakurketa "oso positiboa" egin dute TOKIKOMetik: "2019an, 2018an baino %35 gehiago izan dira toki komunikabideetara hurbildu diren erabiltzaileak, haietako bakoitzak orrialde gehiago irakurri ditu, eta denbora gehiago pasatu du webguneetan. Urtetik urtera, etengabe sendotzen doa TOKIKOMen kanal digitala".

Oso pozik azaldu dira TOKIKOM toki komunikabideen bateraguneko kideak 2019ak utzitako datuekin. "Beldurrik gabe esan dezakegu TOKIKOMeko bazkide diren toki komunikabideen edizio digitalek osatzen duten sarea oinarri-oinarrizko azpiegitura dela euskarazko edukien eguneroko kontsumoan. 2019ko trafiko datuak aztertuta, kopuruak oso esanguratsuak dira benetan".

36,4 milioi orrialde

2019 urte ona izan da euskarazko hedabide digitalen sektorearentzat. Nazioarteko tendentziei jarraiki, euskarazko medio digitalen kontsumoa %19 handitu zen 2018tik. TOKIKOMeko bazkideen webguneetan hazkunde hori ia-ia bikoitza izan da: 36.380.205 orrialde erakutsi zituzten guztira, 2018an baino %36 gehiago. 

Hilabeteko batez bestekoa 3 milioikoa izan zen, baina, aurreikusi zitekeen moduan, maiatzean goraldi nabarmena izan zen, udal hauteskundeen bueltan (3,8 milioi orrialde), eta abuztuan berriz, ahapaldia, usako oporrekin lotutakoa (2,3 milioi).

400.000 erabiltzailetik gertu

Erabiltzaile kopuruari dagokionez, horrek ere hazkunde nabarmena izan du, hilabetero 399.025era iritsita. Bisiten batez besteko iraupena ere luzatu egin da, bi minutu pasatxora iristeko. 2019an 122 segundukoa izan da batez bestekoa, eta 119koa 2018an. Nabarmentzekoa da taldeko hainbat komunikabidek batez besteko hori aise gainditzen dutenak, tartean da Soraluzeko 'Plaentxia.eus' ataria:

  • Aia eta Orioko 'Karkara.eus' (223 segundo)

  • Azpeitiko 'Uztarria.eus' (166 segundo)

  • 'Goiena.eus' zein 'Plaentxia.eus' (148 segundo)


Errebote tasa ere puntu bat murriztu da, 2019an, 64,8tik 63,6ra pasatuz, eta bisita bakoitzeko ikusitako orrialde tasa ere apur bat hobetu da: 2,13tik 2,21era igoz.

Laburbilduz, datuen irakurketa oso positiboa da: 2019an, 2018an baino %35 gehiago izan dira toki komunikabideetara hurbildu diren erabiltzaileak, haietako bakoitzak orrialde gehiago irakurri ditu, eta denbora gehiago pasatu du webguneetan. 

Facebooken eta sakelakoen pisua

Euskarazko komunikabideak, eta zehazki tokikoak, ez daude nazioarteko joeretatik libre. Webguneetako trafikoaren analisian ere argi geratzen da hori.

Hala, 2019an TOKIKOMeko webguneetara iritsi ziren bisiten %40 baino gehiago bilatzaileetatik iritsi ziren. Fenomeno honen azalpena da honezkero erabiltzaile gehienek, hedabidearen helbidea idatzi baino, bilatzailean sartzen dutela zuzenean webgunera iristeko. Datu zehatzik ez badugu ere, susmoa dugu bilatzaileen bidezko trafiko gehiena horrela iristen dela.

Bilatzaileen ondoren, bigarren iturri nagusia Facebook sare soziala da. Mark Zuckenbergen sare polemikoak TOKIKOMeko bisiten laurden bat baino gehiago ekarri zuen iaz. Ondoren, hurrengo iturririk handiena trafiko zuzena da (%21,6), eta Twitter sare ezagunak bisita guztien %7 baino ez zuen eragin.

Bestalde, webguneetan sartzeko gailuei erreparatuz gero, etengabe hazten jarraitzen du sakelako telefonoek trafiko osoan duten pisua. 2018ko amaieran bisiten %64,5 egiten zen gailu mugikorretatik, eta abenduan kopuru hori %71,43koa zen batez beste TOKIKOMeko komunikabideetan. Ordenagailu arruntak bisiten laurden bat inguru dira, eta tabletak %4 baino gutxixeago.

171 eduki egunero

TOKIKOMeko komunikabide digitalen ekoizpenari dagokionez, TOKIKOM Plataformaren azken bertsioa erabiltzen duten webguneek guztira 62.416 eduki argitaratu zituzten 2019an, hau da 171 eduki egun bakoitzeko, batez beste.

Eduki horien artean gehienak artikuluak izan ziren (%56), ondoren agendako sarrerak (%19) eta argazki galeriak (%8). Nabarmentzekoa da eduki multimediaren pisua: galeriak, audioak eta bideoak sortutako eduki guztiaren %23 izan ziren.

Gaiei dagokienez, Gizartea, Kultura eta Kirolak izan ziren gehienetan landu zirenak, argitaratutako edukien %40, %22 eta %17a osatuz. 

TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, taldearen barruan pixkanaka hedatzen ari den kultura aldaketa nabarmendu du: “Zenbakietatik harago, edizio digitaletan egindako lanak ireki dizkigun bideak ere azpimarratu beharra dago. Elkarlanerako eta berrikuntzarako kultura bat zabaltzen ari gara pixkanaka-pixkanaka, eta hainbat alderditan punta-puntako medioak garela esan daiteke: hor dago publizitaterako kanal digitala, kudeaketa aurreratuan egiten ari garen aurrerapausuak, EiTB eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari garen EuskalPMP proiektua, Ttap eta Zut aldizkari digital natiboak sortu izana… Tradizioz arazo edo desabantaila gisa bizi izan dugun txikitasuna gure aldeko tresna bihurtzen ari gara, saretzeak ematen digun indarrari esker”.

Edukirik ikusienak

Bitxikeria moduan, hauek dira 2019an TOKIKOMeko toki komunikabideen sarean ikustaldi gehien izan zituzten edukiak:

 1. Aiurri.eus (Buruntzaldea): Meltxor eta Gaspar Errege Magoen gutuna Baltasarri

 2. Goiena.eus (Debagoiena): Udal eta foru hauteskundeak eta Europakoak (2019)

 3. Maxixatzen.eus (Azkoitia): Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilaria hil da

 4. Barren.eus (Elgoibar): 36 urteko gizonezkoa da labankadaz hil dutena, eta Ertzaintzak atxilotu du ustezko erasotzailea

 5. Euskalerriairratia.eus (Iruñerria): Elkartasunerako deia egin du Argia Ikastolak


Webgune bakoitzean urtean gehienetan ikusi den edukiari erreparatuta, edukirik arrakastatsuenak gertakariekin lotutakoak dira, Gizartea atalekoak ondoren, eta, 2019an bereziki, Korrika eta hauteskundeak.

TOKIKOMeko webguneak

 

Webgunea

Eremua

Lurraldea

https://28kanala.eus

Tolosaldea

Gipuzkoa

https://aiaraldea.eus

Aiaraldea

Araba

https://aikor.eus

Txorierri

Bizkaia

https://aiurri.eus

Beterri-Aiztondo-Buruntza

Gipuzkoa

https://alea.eus

Araba

Araba

https://amezti.eus

Ultzama-Basaburua

Nafarroa Garaia

https://anboto.org

Durangaldea

Bizkaia

https://antxetamedia.info

Bidasoaldea

Lapurdi

https://baleike.eus

Zumaia

Gipuzkoa

https://barren.eus

Elgoibar, Mendaro

Gipuzkoa

https://erlotelebista.eus

Urola-Kosta

Gipuzkoa

https://erran.eus

Baztan, Bortziriak, Malerreka

Nafarroa Garaia

https://euskalerriairratia.eus

Iruñerria

Nafarroa Garaia

https://geuria.eus

Hego Uribe

Bizkaia

https://gitb.eus

Goierri

Gipuzkoa

https://goiena.eus

Debagoiena

Gipuzkoa

https://guaixe.eus

Sakana

Nafarroa Garaia

https://hiruka.eus

Uribe-Kosta

Bizkaia

https://karkara.eus

Orio, Aia

Gipuzkoa

https://kronika.eus

Urumealdea

Gipuzkoa

https://mailope.eus/

Araitz-Betelu, Larraun, Lekunberri

Nafarroa Garaia

https://maxixatzen.eus

Azkoitia

Gipuzkoa

https://noaua.eus

Usurbil

Gipuzkoa

https://oizmendi.eus

Busturialdea, Lea-Artibai

Bizkaia

https://plaentxia.eus

Soraluze

Gipuzkoa

https://txintxarri.eus

Lasarte-Oria

Gipuzkoa

https://uriola.eus

Bilboaldea

Bizkaia

https://urolakosta.hitza.eus/

Urola-Kosta

Gipuzkoa

https://uztarria.eus

Azpeitia

Gipuzkoa

https://zarauzkohitza.eus

Zarautz

Gipuzkoa