Gaur, plazara berriro

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 20a, 11:40
Egoitzako hainbat langile protestan, otsailaren hasieran. Argazkia: ELA.

Bizi-bizi jarraitzen dute egoitzetako langileen mobilizazioek. Otsaila hasieran jakinarazi zuten grebarekin segitu egin behar zutela, eta oraingoz, martxoaren 8ra arte luzatu dute berau. Horrekin batera, besteak beste, gaur iluntzean, eguena, Plaza Berrian elkarretaratzea egingo dute Soraluzeko egoitzan protestan diharduten hainbat langilek.

Gipuzkoako egoitzetako gatazka luzatzen dabil. Otsailaren 7an 207 greba egun bete zituzten langileek, eta ELA sindikatuaren eskutik, jakinarazi zuten gutxienez luzatu egingo zutela greba martxoaren 8ra arte.

Gatazkan inplikatutako aldeen negoziazio-mahaia, berriz, geldi dago, besteak beste, ELA sindikatuko ordezkariak ez ziren-eta azken deialdira bertaratu, negoziatu beharreko baldintzetan ez zuten-eta inolako aldaketarik ikusi.

Mobilizazioak

Gauzak horrela, grebarekin segitzeaz aparte, udalerriz udalerriko mobilizazioei ere eutsi egingo diete protestan diharduten langileek, eta zentzu horretan, gaur 19:00etan Plaza Berrian elkarretaratzea egingo dute Soraluzeko egoitzako hainbat langilek. Ildo beretik, datorren astean mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute.