Hirugarren palmondoa bota barik

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 20a, 10:16

Atzo, eguaztena, bota zituzten Gabolats-buruko hiru palmondoetako bi. Ikusgarria izan zen Debemeneko adituen lana, benetan handiak ziren-eta zuhaitzak: enborrek 2,5-3 tona pisatu zuten, eta adarrek, berriz, 700 kilo inguru. Hirugarren palmondoa bota barik laga zuten. Bestelakorik ezean, hura botatzeko garabia bidegorrian ipini beharko dute.

13:00ak ingururako Gabolatseko aldapara jaitsita zituzten moztutako bi palmondoen enborrak eta adarrak. Aldapan bertan zatitu zituzten enborrak. Debemeneko langileek jakinarazitakoaren arabera, 2,5 tona 3 tona inguruko pisua zuten enborrek; eta palmondo txikienaren adarrek, berriz, 700 kilo pisatu zuten. Guztira, 6-8 bat metro altu ziren zuhaitzok.

Lanak koordinatu behar

Gabolats-buruko hirugarren palmondoa, etxeen bitartean dagoena, berriz, ezin izan zuten kendu. Besteak beste, hura kentzeko garabia beste leku batean ipini beharko dute. Litekeena da bialean, bidegorrian ipini behar izatea, eta palmondoa hara gora eraman behar izatea. Horretarako, baina, lanak ondo koordinatu behar dituzte, besteak beste, bidegorriko zirkulazioa eten egin beharko dutelako, eta horrek autobus zerbitzuari ere eragingo liokeelako.