Berdintasunaren egunean, berdintasunik ez

Erredakzioa 2020ko ots. 17a, 16:06
Herritarrak gaurko elkarretaratzean, kontzejupean.

Emakumeen pentsioak gizonezkoenak baino %37,5 baxuagoak dira. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata arrakala %24koa da. Gaur eguerdiko elkarretaratzean, halako eta bestelako datuak jakinarazi dituzte, Soldata berdintasunaren aldeko europar egunaren harira. 70 bat lagunek babestu du ekimena.

Otsailaren 22an Emakumeen eta gizonen soldaten berdintasunaren europar eguna da. Eta pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean, hura aldarrikatu dute. Berdintasun beharra erakusten duten datuak jakinarazi dituzte, besteak beste.

Politikarienak gora

Adibidez, salatu dute gizonen eta emakumeen arteko Europako soldata arrakalarik handiena hemen dagoela: %24. Emakumeen pentsioak gizonezkoenak baino %37 baxuagoak direla. Eta oro har, “ehunka mila emakume” bizi direla “800 eurora iristen ez diren pentsioekin, edota 400 euroko pentsio ez kontributiboekin”.

Horren parean, aldiz, salatu dute Diputatu Nagusiaren eta diputazioko goi-karguen soldatek “igoera lotsagarria” izan dutela: %8,5. “Olano jaunak urtean 7.300 euroko igoera izango du”, esplikatu dute datutan.

Hala, eta gogora ekarrita “Historian zehar eskubideak eta hobekuntzak mobilizazioen bidez” lortu direla, azpimarratu dute “pentsiodunoi kalean borroka egitea beste erremediorik” ez zaiela geratzen. Beraz, Euskadiko eta Espainiako ordezkariekin martxorako aurreikusitako batzarretara begira, mobilizazio gehiago iragarri dituzte.