Zaldibarko zabortegia

Osakidetzak Zaldibarrera, Ermura eta Eibarrera mugatu ditu gomendioak

Egoitz Unamuno 2020ko ots. 17a, 09:48
Zapatuan Zaldibarko Eitzaga auzora egin zuten manifestazioa.

Alkateak adierazi du zapatu goizean Debabarreneko ESI-ko (Erakunde Sanitario Integratua) arduradunarekin beba egin zuela eta baieztatu ziola gomendioak Zaldibar, Ermua eta Eibarrera mugatu dituztela. 

Alkateak azaldu duenez, osasun arduradunak esan du bailarako osasun etxe eta ospitalak egoeraren “jakitun” daudela “begietako edota arnas arazoak gertatzen badira” detektatzeko eta datozen orduetan aldaketa edo berririk balego, jakinaraziko dutela.

Gomendioak indarrean Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren

Eusko Jaurlaritzak joan zen barikuan jakinarazi zituen otsailaren 9an Ermuko Sallobente auzoan egindako neurketen emaitzak eta neurketa horien arabera, airearen toxizitate maila ohikoa baino 40-50 aldiz handiagoa da eta esan duten arren toxizitate maila hori ez dela kaltegarria osasunarentzat, "prebentzio modura"  zenbait gomendio zabaldu dituzte Zaldibar, Ermua eta Eibarren, herritarrei aholkatuz etxeetako lehioak itxita manten ditzatela eta ez dezatela kanpoan kirola edota ariketa fisiko gogorrik egin.

Gaur goizean, gomendio horiek indarrean jarraitzen dute, oraindik ere zabortegian suak piztuta jarraitzen du eta. 

Soraluzen ere kezka

Inguruko herrietako kezka Soraluzera ere heldu da. Izan ere, azken egunotan, hainbat soraluzetarrek ere euren kezka adierazi dute kalean eta sare sozialetan, esaterako, Soraluzeko airearen kalitatearen inguruko zalantzak agertuz: "Eibarren airea toxikoa da eta Soraluzen ez?".

Erlazionatuak