Elkarrizketa

“Ni bateriara zaletu izanaren kulpa arrebarena da”

Egoitz Unamuno 2020ko ots. 16a, 08:00

Loiola Maderak (Soraluze, 1979) ibilbide luzea egin du bateriajole moduan, hemeretzi urte zituenean hasi eta gaur egunera arte. Azken hilabeteotan, bere izena bolo-bolo ibili da Lorelei taldeari lotuta baina berak azpimarratu digunez, Lisker erromeria taldea da bere talde finkoa. 

Nola zaletu zinen bateriara?

Arrebaren kulpa izan zen. Gaztetxotan bi makila erregalatu zizkidan. Uste dut danborradakoak edo zirela, baina nik nire bateria partikularra egin nuen etxean, kojinekin eta abarrekin, eta makila horiekin praktikatzen nuen, arrebaren kaseteetako musika entzunez. 

Bazenuen musika ikasketarik?

Musikako lehen pausoak Ines Marirekin eman nituen, umetan, beste askok bezala. Baina bateria jotzen berandu samar hasi nintzen, 19 urterekin edo, Gaztetxe azpiko lokalean egoten zen bateria batekin, erdi ezkutuan. Gerora, bonboa, kaja eta tinbalak erosi nituen eta neure bateria propioa osatu nuen. Gurasoen garajean ipini nuen, eta han praktikatu nuen. Gero, musika eskolan eman nuen izena eta Aitor Pujanarekin asko ikasi dut.

Talde mordoxka batean jo duzu.

Bai. RK Zulo izan zen publiko aurrean jo nuen lehenengo aldietako bat baina ordurako Matxura taldean ere jotzen nuen. Gero etorri zen Deja Bu; bi urte egin genituen eta disko bat grabatu ere bai, kontzertu ‘epiko’ batzuen ostean. Xero Xiete erreomeria taldean ere parte hartu nuen. 2010ean EH Sukarran sartu nintzen Eloi Galanen partez, eta bertan jardun dut 2018ra arte. EH Sukarrarekin disko bat grabatu nuen eta baita Nortonekin ere, bakarkakoa.

2016tik Lisker erromeria taldean ere hasi nintzen. Ahalegindu nintzen biak konbinatzen baina ezinezkoa zen eta azkenean Liskerren geratu naiz.

Oraintsu, Lorelei taldearen itzulerako biran ere parte hartu duzu.

Bai, baina hori kolaborazio puntuala izan da,lau kontzertukoa. Nire talde finkoa Lisker da.

Alde handia dago rock talde batean jotzetik erromeria talde batean jotzera?

Bai. Erromeria taldearen kontzertuak lau ordu ingurukoak izaten dira eta ikasita izan behar duzu errepertorioa, ehun kantutik gorakoa. Gogoratzen naiz, Liskerren sartzeko hiru hilabetez ia egunero entsaiatu behar izan nuela… Gogorra da.

Zein da alde ona?

Nahi duzun horretan diharduzula. Gainera, eszenatokiak badauka alde intentso bat eta jendeak erantzuten badu oso gustura sentitzen zara.

Emanaldi asko eskaintzen dituzu Liskerrekin?

Urtean, bataz beste, 45 emanaldi inguru. Astean emanaldi bat, gutxi gorabehera.

Aukeratu gustuko plaza bat.

Bilbo. Anbiente gehien dagoen lekua da. Araban dantza lotu asko egiten da, Bizkaian regetoia ere jotzen dugu eta Gipuzkoa da dantza gutxien egiten den herrialdea.

Zuk ere ez duzu dantza asko egiten…

Aizu! Ni dantza taldean ibilitakoa naiz eh…

Gogoan duzun kontzertu bat.

EH Sukarrarekin Getariako gaztetxean jo genuena. Sekulako giroa sortu zen.

Zein musika mota duzu guztukoen?

Denetik entzuten dut: rock, pop, folk... 19 urte daroadaz Arranoko tabernari moduan eta egunero entzuten dut musika, denetarikoa. Tabernaria izanda musika asko entzuten dut.

Zein taldetan jotzea gustatuko litzaizuke?

Itoiz-en.

Bateriajole bat.

Dut-eko Galder.

Ze asmo duzu etorkizunerako? Gustatuko litzaizuke talde propio bat sortzea?

Bai. Nire ibilbide gehiena bertsioak joz pasatu dut eta gustatuko litzaidake neure taldea izatea, geuk egindako abestiekin. Hori beste zerbait da.