Laborategia kalera

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 14a, 11:28

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren ingurukoak borobiltzeko, atzo, eguena, emakume zientzialariak protagonista dituzten saltokiak bisitatu zituzten Bizilabe proiektuan parte hartzen diharduten ikasleek. Halaber, hainbat saltokiren kanpoko aldean, zientzialariek landutako arloan oinarritutako esperimentuak egin zituzten. 

Egunotan Soraluzen protagonista diren emakume zientzialariei buruzkoak bertatik bertara ikasi zituzten atzo, eguena, Bizilabe proiektuan murgilduta dabiltzan 15 ikasleek. Haien berri ematen duten zortzi saltokiak bisitatu zituzten, eta gainera, haietako hainbatean, esperimentuak gauzatu zituzten, tokian tokiko emakume zientzialariaren ibilbide profesionala abiapuntu hartuta.

Ikusle izan zituzten herritarrak, eta haiei aurrez aurre azaldu zieten esperimentuaren nondik norakoak eta emaitza. Lana egin ondoren, hamaiketako gozoarekin borobildu zuten ekimena.