"Helburuei eustea da emaitzak lortzeko bidea"

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 14a, 09:58
Itxaropena Elkartea kanpotik.

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak eskerrak helarazi ditu urtarrilaren 30eko greba orokorrari soraluzetarrek emandako erantzunarengatik. Horrekin batera, baina, ezustekoa partekatu du Itxaropena Erretiratuen Elkarteak greba hura ez zuelako babestu.

Prentsa ohar bitartez, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak U30eko greba orokorrari buruzko balorazioa helarazi du. Laburbilduz, soraluzetarrei eskerrak helarazi dizkiete, greba egunean eman zuten erantzunarengatik. 

Baina horrekin batera, Itxaropena Erretiratuen Elkarteak egun horretan egoitza zabaldu izanagatik harridura partekatu du, "horrenbeste pentsiodun ibiltzen den lekua".

Oharra osorik

Hona hemen oharra osorik:

"Bi urte bete berri dira Pentsiodunen Mugimendua pentsio duinak aldarrikatzeko kalera eta plazetara irteten hasi zela.

Jakinekoa denez, mugimendu hori transbertsala da, eta botere publikoei ikustarazi nahi die beharrezkoa dela pentsioen gaia lantzea, gizonendako zein emakumeendako pentsio duinak eskatuz.

Hori gauzatzeko eskaera Eusko Jaurlaritzari zein Espainiako Gobernuari helarazi, eta urtarrilaren 30eko greba babestu genuen, sindikatuekin, langileekin eta gazteekin, ikasleekin eta bestelako sektoreekin batera.

Baina hara gure ezustekoa jakin genuenean Itxaropena Erretiratuen Elkarteak ez zuela greba babestu behar, horrenbeste pentsiodun ibiltzen den lekua izan arren eta greba pentsioen aldekoa izan arren.

Argi dugu gure helburuei eustea dela emaitzak lortzeko bidea; eta horrek pentsarazten digu elkarrekin jarduteko egoera berriak sortuko direla, aldarrikatzen ditugun bidezko pentsioak lortzeko bidean.

Soraluzeko herritarrei eskerrak helarazi nahi dizkiegu grebari emandako erantzunarengatik, eta deitutako mobilizazioetan izandako parte-hartze handiarengatik. Indar handiagoarekin -posible bada- egingo dugu aurrera, astelehenero plazan gure eskubideen eta gure pentsioen alde borrokan, zuenak ere badiren pentsioen alde".