Apirileko lehen asterako gertu

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 13a, 13:41
Udal langilea udaletxeko traste zaharrak eramaten.

Astelehenean hasi ziren udaletxeko ganbara husten; eta egunotan bertako bigarren solairua egokitzeko obrak egiten dabiltza. Izan ere, apiriletik aurrera, Bake Epaitegia eta Gizarte Ongizate saila udaletxeko bigarren solairura lekualdatuko dira. 

Bake Epaitegia eta Gizarte Ongizate Saila Santa Ana kaleko 3. zenbakitik lekuz aldatu eta udaletxeko bigarren solairuan kokatuko dira. Aste honetan hasi dituzte egokitzapen obrak udaletxeko bigarren solairuan, eta alkateak esandakoaren arabera, apirilaren hasierarako gertu izango dute berau, bi zerbitzuak bertan hartzeko. 

Santa Ana 3ko beheko solairua saldu izanagatik aldatuko dira lekuz Bake Epaitegia eta Gizarte Ongizate Saila. Hain justu, etxeko bizilagunen komunitateari saldu dio beheko solairua Udalak, etxekoendako igogailua eraiki behar dute, eta harendako sarbidea bertatik izango duelako.