Umearekin ematen den denbora aztergai

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 13a, 11:40
Nerea Mendizabal psikopedagogoa.

Umearekin denbora: kantitatea ala kalitatea? Izenburu horixe du Nerea Mendizabal psikopedagogo eta hezitzaileak martxoaren 4an Haurreskolan eskainiko duen hitzaldiak. Hirtzaldia Soraluzeko Haurreskolak antolatu du, Udalaren laguntzarekin eta bertan parte hartzeko, komeni da aldez aurretik izena ematea, aforo edo edukiera kontuengatik. 

“Gure bizi erritmoan gurasooi ez zaigu erraza egiten oreka lortzea gure "betebehar" eta desioen zein haurrei eskaintzen diogunaren arteko balantzaren artean. Errua ere sarritan neurekin daramat. Nola kudeatu dezaket dilema hau?”.

30 lagunendako lekua

Galdera edo zalantza horretatik abiatuta, umeari eskaintzen zaion denbora aztergai izango du Nerea Mendizabal psikopedagogoak martxoaren 4an, 17:30ean Soraluzeko Haurreskolan. Hitzaldia librea eta doakoa da, baina aforo kontuengatik komeni da aldez aurretik izena ematea. Bi bide daude: Haurreskolara bertara jo edo telefonoz deitu: 943 75 13 32. Asko jota 30 lagunendako lekua dago, eta Haurreskolatik jakinarazi dutenez, dagoeneko jendea hasi da izena ematen.  

"Lagungarria"

Hainbat arrazoirengatik gonbidatu du Nerea Mendizabal psikopedagogoa Soraluzeko Haurreskolak: “Lehendik ere ezagutzen genuen, aditua da, eta gurasoengana ailegatzeko gaitasun handiko pertsona da. Landuko duen gaia, berriz, aukeratu dugu gaur egungo gizartean gurasook umeak izan, lan egiten, eta, oro har, umeekin dugun denbora hori ez delako nahi dugun bestekoa izaten; errudun sentimenduak izaten ditugu gurasook, zela konpentsatu umeari berarekin pasatzen ez dugun denbora… Nereak estrategia batzuk emango ditu,  umeekin ematen dugun denbora probetxuzkoa izateko. Gaur egungo gurasoen bizimodua kontuan hartuta, uste dugu dela gai bat gurasoei lagungarri gerta dakiokeena”.