Lapurrak sartu dira Allegro elkartera

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 13a, 10:28
Bulegoko sarraila indarrez apurtuta.

Bart gauean, lapurrak sartu dira Allegro elkarte gastronomikora. 07:00etan garbitzailea bertaratu denean jabetu da bulegoko atearen sarraila apurtuta zegoela, eta norbait ibili dela barruan. Udaltzaingoari eman dio abisu, eta haiek berriz, Ertzaintzari. 50 euro eraman dituzte lapurrek. Ertzaintza bertan da, arrastoak eta hatz markak hartzen.

Urtebetean bigarren aldiz, lapurrak sartu dira Allegro elkartera. Bi aldietan, gainera, ibai aldeko fatxadatik sartu dira, sukaldetik. Bertako leihoa indarrez zabaldu izanaren zantzuak aurkitu ditu Ertzaintzak. Behin sukaldera sartuta, ondoan dagoen bulegoko atearen sarraila indarrez apurtu eta bulegoan zegoen diru apurra eraman dute: 50 euro txanponetan. 

Horrez aparte, zabalik aurkitu dute bertako pasilloan dagoen postontzia. Baina, jakina, han ez zegoen ezer eramateko. Bestalde, beheko solairuan ibili diren edo ez jakitea oso zaila dela kontatu du Karlos Jauregik, Allegroko bazkideetako batek. Beheko solairutik ez dute ezertxo ere faltan igarri, ezta edaririk ere; eta kutxa gotorra normal aurkitu dute. “Dirua banketxe bidez kobratzen dugu, eta bertan, kutxa gotorraren gaineko aldean ipinita dago horrela egiten dugula”.

Udaltzaingoaren abisua jaso bezain laster bertaratu da Ertzaintza, Bergarako polizia-etxetik, eta hatz markak eta bestelako arrastoak jasotzen jardun dute. Zaila da jakitea lagun bakarra edo gehiago sartu diren elkartera; hori bai, sukaldeko leihora ailegatu ahal izateko eskaileraren bat edo ondoko petrila erabili behar izan dutela uste dute, 6-10 metro inguru altu dago-eta leihoa.

“Sartu diren leku beretik irten dira, ze kanpoko atea itxita zegoen”, jakinarazi du Jauregik. Hark emandako xehetasunen arabera, sartu ziren lehen aldian ere 100 euro besterik ez zituzten eraman, orduko hartan ere, bulegoan zegoen diru solte apurra.