Emakume zientzialariak ezagunago

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 12a, 17:17
Mabel ileapaindegiko dekorazioa.

Egunotan, udalerriko zortzi saltokitako erakusleihoetan ohiko produktuen berri eman barik, zientzian ibilbide nabarmena egin duten emakumeen berri ematen dute. Hartara, emakume horien ekarpen zientifikoaren dibulgatzaile bihurtu dira saltokiak, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Bestalde, bihar, zortzi saltokiotako hainbatetan, besteak beste, esperimentuak egingo dituzte Bizilabeko partaideek.

Rosalind Franklin, Hayat Sindi, Cynthia Breazeal, Gladys West, Juliana Rotich, Maria da Penha, Tu You You eta Mae Jemison zientifikoak eta eurek egindako lanen berri emateko ekimena abian da udalerrian, otsailaren 22ra arte: #ErakusleihoakO11. Udalerriko zortzi saltoki, Udala eta Bizilabe dabiltza elkarlanean ekimena gauzatzen, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko egunaren bueltan.

Honako komertzioak dira partaide: Triskel, Marimar harategia, Iratxo Goxo-denda, MGS Aseguruak, Mabel ileapaindegia, Todo a 100, Josu Bitxidenda eta Estankoa.

Dekorazio bereziak

#ErakusleihoakO11 ekimenaren baitan, erakusleihoak oso modu berezian dekoratu dituzte dendariek, zientzialarien ekarpenak eta ikerketa-lanak oinarri hartuta. Haien gaineko informazioa ere erantsi dute, argazkiak, biografia, lantresnak... guztia dendariek euren kabuz landuz eta atonduz. Lan handia hartu dute, baina bidean asko ikasi dutela aitortu dute, zoritxarrez, ezezagunak dira-eta, gehienetan, emakumeek zientziari egindako ekarpenak.

Soraluzeko kasuan, ibilbide nabarmen askoak dituzte zientzialariek: astronauta eta medikua, robotikan aditua, DNAren egitura aurkitzen lagundu zuena, bioteknologian doktorea, Nobel sariduna... Badaude afro-amerikarrak, arabiar saudiakoak, Ingalaterrakoak... Halako eta bestelako xehetasunak jakiteko aukera, bada, udalerrian bertan da, saltokiotako erakusleihoei erreparatuta.

Soraluzen ez ezik, Ermuan eta Bilbon ere badabiltza #ErakusleihoakO11 ekimena gauzatzen, guztira, 21 saltokian. Lehen aldia da halako ekimen bat egiten dela Euskal Herrian.

Ildo beretik, bihar, eguena, Bizilabeko partaide diren ikasleek saltokiak bisitatu, eta hainbatetan esperimentuak egin eta emakume zientzialariak egindako ekarpenaren berri emango diete dendara bertaratzen diren bezeroei.