Alkateak egindako lana eskertu zien hirurei, baita Kontrargi argazki kolektiboari ere, eskuorria euren argazkiekin ilustratu baitute.
500 leku-izenetik gora
Toponimoen mapa 2009an argitaratu zen azkenekoz, baina harrezkero, 2013an hasita, Jon Basaurik herriko toponimoen bilketa lana burutu du eta lan horixe baliatu dute orain Elorzak eta biek mapa berritu eta osatzeko. Oraingo mapan aurrekoan agertzen ez ziren hainbat eta hainbat toponimo gehitu dituzte; guztira, 500 leku-izen inguru. Batzuk paperezko bertsioan jaso dituzte eta gainerakoak digitalekoan. Ez dituzte mapan sartu etxe ondoko lekuei erreferentzia egiten dieten izen arruntak, ezta kokatu ezin izan dituztenak ere.
Idatzizko iturriak ahozkoak argitzeko
Izen horiek jasotzeko bi iturri nagusi erabili dituzte: artxiboetako dokumentuak (idatzizkoa) eta baserritarrak (ahozkoa). Artxiboei dagokienez, Udaleko eta Aldundiko artxiboak aztertu dituzte, XVI. mendetik gaur arteko dokumentuak begiratuz. Lan “neketsua” izan arren, gaur egunera ahozko transmisio bitartez heldu diren leku-izenen jatorria zein den ulertzeko bidea eman du kasu askotan.
Galera bizia
Baserritarrei dagokienez, 70 bat baserritarrekin elkartu dira eta galdeketa horiek egitean konturatu dira leku-izenen gaineko ezagutza galera bizian dagoela: “baserritar nagusienek izen asko dakizkite, baina kalera bizitzera joan direnek eta gazteenek askozaz izen gutxiago ezagutzen dituzte, asko jota baserriaren ingurukoak”. Basaurik eta Elorzak, biek azpimarratu dute leku-izenen gaineko jakintza oso azkar ari dela galtzen eta, ondorioz, garrantzi handia duela izen horiek jasotzeak.
Izendegi ofiziala
Jose Luis Ugarte Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako teknikariak lanaren egileak zoriondu zituen, azpimarratuz egindako lanaren emaitza “izugarria” izan dela, “seirehundik gora leku-izen jaso, errebisatu eta kokatu dituztelako”. Ugartek azaldu zuenez, Soraluzeko toponimoak Euskadiko izendegi kartografikoan txertatuko dira eta laster ikusgai izango dira Euskadi.eus webgunean, eta denborarekin estatuko eta Europako mapetan ere agertuko dira. Beraz, izen horiek ofizilak dira eta hemendik aurrera udal zein bestelako administrazioek leku-izen horiek erabiliko dituzte euren zereginetan.