casablancatik soraluzera

“Zuzenbidean lizentziatu nintzen baina Marokon ez nuen lanik aurkitu"

Egoitz Unamuno 2020ko ots. 8a, 23:03

Samira Claine (Casablanca, 1967) 2018ko abenduaren 7an etorri zen Granadatik Soraluzera. Bere familiak Marokotik emigratu behar izan zuen. Bost anai-arreba dira eta hiru Europan bizi dira: Bruselan, Berlinen eta Soraluzen.

Zuzenbidean lizentziatua da baina bizimodu gogorra daroa, beste migratzaile askok bezala. Hala ere, beti du irriparra ahoan eta bere berbei duintasuna darie. Urritik, Auzoko egitasmoko saioetan parte hartzen du, euskara eta euskal mundua ezagutzeko asmoz. 

Zer dela eta aukeratu zenuen Soraluze bizi izateko?

2000. urtetik Granadan bizi nintzen amarekin baina ama hil zen eta erabaki nuen aldaketa behar nuela. Lagun bat nuen Arrasaten eta honuntza etorri nintzen. Alokairuko etxea Soraluzen topatu nuen.

Zer moduz Soraluzen?

Ez oso ondo. Sagar Errekako goialdeko azken etxeetako batean bizi naiz eta ez da lekurik egokiena bakarrik bizi den emakume batendako. Gainera, ez da oso etxe erosoa. Etorkizunean nahi nuke herriaren erdialderago dagoen etxeren batera aldatzea. Ea topatzen dudan.

Horrekin batera, arazoa da garraioa. Autorik eduki ezean oso zaila da beste herri batean lan egin ahal izatea, batez ere, ostalaritzan, oso berandura arte lan egin behar izaten delako.

Bere garaian Marokotik ateratzea erabaki zenuen. Zergatik?

Marokon badago dirua, baina diktadura guztietan gertatzen den bezala, agintariek eurendako lapurtzen dute dirua eta herritarrak miseria gorrian bizi dira. Ni zuzenbidean lizentziatu nintzen baina Marokon ez nuen lanik aurkitu; Granadan ere ez.

Soraluzen, zer da gehien gustatu zaizuna?

Jendea jatorra da. Tira, bada jende ona eta ez hain ona, leku denetan bezala. Hori bai, hemen erakundeek gehiago laguntzen dute Granadan baino, baita paperik ez dutenei ere. Eskertzekoa da, ze paperik gabeko pertsonen bizimodua oso gogorra izaten da. Askok ez dakite ez idazten eta ez irakurtzen eta zailatsun handiak izaten dituzte.

Ni lanik barik egon naizenean, Udalak eta Caritasek lagundu didate aurrera egiten. Diabetikoa naiz eta medikamentuak ere lortu ahal izan ditut.

Zer da gutxien gustatu zaizuna?

Eguraldia. Euria eta hotza.

Auzoko egitasmoan ere parte hartzen duzu?

Bai eta ikasi ditut euskarazko berba batzuk. Dantzan ere egin dugu eta gustura joaten naiz. Ni oso irekia naiz eta gustatzen zait jendearekin harremantzea. Pena da astean behin bakarrik izatea. Ez da nahikoa.

Nere ama-hizkuntza Arabea da eta frantsesa ere ikasi nuen eskolan. Espainian gaztelera ikasi dut eta ingeles pixkat ere badakit. Nik uste horretara jarri ezkero, euskaraz ere ikasiko nukeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.