Ba al zenekien nor zen 'El tigre placentino'?

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 9a, 09:16
Julian Arana, 'El Tigre Placentino'.

Otsaileko efemerideen bigarren sortak hainbat gertaeraren berri dakar: Arzabaleta baserria jausi eta bertako semea azpian harrapatu zuenekoa, edo El tigre placentino izengoitia zuen pilotariaren ibilerak Venezuelan...

1907ko otsailak 7 

Arzabaleta baserria bertan behera erori zen eta bertako semea harrapatu zuen azpian. 

Aurreko urteko irailaren 29an baserria erre egin zen ia osorik, baina denbora izan zuten ganadua ateratzeko, eta baita altzari eta lanabes gehienak ere. Familiak baserrian jarraitu zuen bizi izaten, zutik zegoen zatian. Baina 1907ko otsailaren 7an, gaueko hamar t'erdiak aldera, zaratak eta dardarak sentitu zituzten eta nahiz eta familia guztia baserritik atera zen, Juan Jose Aldazabal eta Daniel (1884-1907) bere semea atzera sartu egin ziren baliozko gauzak hartzera. Bat-batean etxea behera jausi eta barruan harrapatu zituen biak: aita larri zauritu zen, eta semea hil. 


(Gehiago jakiteko, sakatu hemen
 
1934ko otsailak 8

Mutualidad Catequística elkarteak bere Arautegia aurkeztu zuen Gipuzkoako Gobernu Zibilean. Laguntza ematea zuen helburu eta Kalebarren kalean zuen egoitza.


(Gehiago jakiteko, sakatu hemen
 

1939ko otsailaren 9

Erantzukizun Politikoen Legea onartu zuten (gaztelaniaz, "Ley de Responsabilidades Políticas") eta 1939ko otsailaren 13an BOEan argitaratu. Bi helburu zituen: Errepublika aldekoak zigortzea eta dirua batzea. 

Soraluzen, gutxienez 50 laguni zabaldu zioten espedientea eta euretatik hiru emakumezkoak ziren. Egozten zieten: erakunde bateko kide izatea (EAJ, A. Sozialista, UGT, ELA-STV, Emakumeak), ideologia (ezkertiarra, abertzalea), 1936 urtean herriko zinegotzi izatea, gudaria edo milizianoa izatea, gerra garaian armagintzan aritu izana (herrian edo kanpoan), nazionalak sartu zirenerako herritik alde egin izana (Bizkaira, Asturiasera edo erbestera), 1934 iraultzan ibilitakoa izatea... 
Epaiketak Iruñean egin zituzten, eta 35 lagunenak gordetzen dira: 5 lagun kargu guztietatik libre geratu ziren, eta gainontzeko 30 lagunei, guztira, 28.525 pezetako isunak jarri zizkieten, 59 urteko gaitasungabetzeak eta 10 urteko erbestealdia.


(Gehiago jakiteko, sakatu hemen
 

1934.ko otsailak 11 

Julian Arana pelotaria, El Tigre Placentino, Veracruzera heldu zen, eta hurrengo bi urteak Mexikoko frontoietan eman zituen. 

1922. urte bukaeran, hamabi-hamahiru urterekin, Madrilera eroan zuten, eta handik ibilbide luzea egin zuen itsasoaren bestaldeko hainbat frontoitan: Cienfuegos-eko (Cuba) Jai Alai, La Habanako Habana-Madrid, Miamiko (Florida) Hai-Aleah, New Orleans-ko (Luisiana) Jai Alaia eta Chicagoko (Illinois) Rainbow. Azken frontoi horretan hainbat denboraldi jokatu zituen. 


Chicagotik Euskal Herrira itzuli zen, eta urtebete egin zuen Urumea (Donostia) eta Euskalduna (Bilbao) frontoietako kantxetan. Baina segituan itzuli zen Ameriketara. 1929tik 1933ra arte, La Habanako Jai Alai frontoian egin zuen lan (Ohiuen jauregia). Eta 1934ko otsailak 11an Veracruz-era (Mexikora) heldu zen. 


(Gehiago jakiteko, sakatu hemen