Txurruka jatetxea Landaola sarietan, gaur

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 7a, 09:50
Txurruka jatetxea, kanpotik.

Gaur, barikua, Aretxabaletako kultura etxean Landaola sarien banaketa egingo dute, 12:00etan. Pribatuen artean Txurruka jatetxea aurkeztu du Debemen Garapen Elkarteak. Sari-banaketa ekitaldian Soraluzeko ordezkaritza ere izango da, besteak beste, Ikerne Laskurain Txurrukako ugazabetako bat eta Iker Aldazabal alkatea.

Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei errekonozimendua eskaintzea dute helburu Landaola Sariek. Gaur da haiek banatzeko ekitaldia, eta lau sari emango dituzte: erakunde pribatuen arloko ekimena; erakunde publikoaren arloko ekimena; urteetako ibilbideari saria eta emakumeak landa eremuan saria. Aurtengo edizioan, Soraluzeko hautagaitza ere izango da: Txurruka jatetxea.

14 laguni lana eman

Debemenek, Debabarreneko landa garapen elkarteak aurkeztu du Txurruka jatetxea, “aktibitate ekonomiko berria eta lanpostuak sortzeagatik”. Xehetasunak galdetuta, Ikerne Laskurainek esplikatu du hamar soraluzetarrek egiten dutela gaur egun lan Txurrukan, etxekoak diren lau langileez aparte. Beraz, 14 laguni ematen diote lana bertan. 

Hark gaineratu duenez, pozik daude hautagai modura aurkeztu izanagatik: “Jende askok zoriondu gaitu, jendearengana ailegatu da Txurruka, eta gure proiektuaren berri zabaldu da. Azkenean landa eremuan gaudenondako zailagoa da jendearengana ailegatzea, eta oso ondo iruditzen zaigu halako ekimen bat egotea”.