Neolitoko aizkora da indusketetan topatu duten piezarik bereziena

Egoitz Unamuno 2020ko ots. 7a, 08:00

Jesus Tapia azalpenak ematen hitzaldira hurreratu ziren hogeiren bat herritarrei .

Atzo arratsaldean, Jesus Tapia Aranzadiko teknikariak hitzaldia eskaini zuen udaletxeko batzar aretoan, 2019an egin dituzten indusketen berri emateko. Irukurutzeta, Sabua, Frantsesbaso eta Agerreburuko tumuloetan harrizko aizkora, harrizko errota, hezurrak, zeramika zatiak eta beste hainbat material aurkitu dituzte.  

Aranzadi elkarteak 2013an abiatu zituen lanak Plazentzia-Elosua estazio megalitikoan eta ordutik ez dute etenik izan. Iaz, esaterako, lau tumulu industu zituzten: Irukurutzeta (2018an abiatu zuten), Sabua, Frantsesbaso eta Agerreburu. Horietan egindako lanen eta aurkitutako materialen berri eman zuen atzo Tapiak. Gainera, gaur eguneko teknologia baliatuta, tumuloen jatorrizko neurri eta itxurak errepresentatu dituzte, “detaile eta guzti”.

Harrizko aizkora Agerreburun

Tapiak azaldu zuenez, Agerreburuko tumuluan espero zutena baino askoz gauza gehiago aurkitu dituzte: suarri zati txiki batzuk, ia berrehun zeramika zati, ehunetik gora giza-hezur zati eta harrizko aizkora bat neolito garaikoa, kristo aurreko 4.800 eta 2.000 urte bitartekoa. Arkeologoak zehaztu zuenez, “aizkora oso kalitate onekoa da eta itxuraz bertako harri bolkanikoarekin egina da”. Zeramikaren inguruan berriz, ondorengoa adierazi zuen: “zatiak aztertuta, ematen du hiru ontzi behintzat bazirela; egosteko erabili zuten teknikaren arabera, hainbat koloretakoak”. Ontzi horiek, hildakoarekin batera enterratzen zituzten, baina ez dago argi zein funtzio zuten. “Beharbada, ipiniko zituzten hildakoak hil osteko bizitzan berarekin izan zitzan edo besterik barik, hiletako errituan erabili zirelako”.  

Giza-hezurren gainean ere berba  egin zuen. “Tamalez, txiki-txiki eginda daude baina atera dira gorputzeko hainbat ataletako hezurrak; esaterako, garezur zatiak edo hortzak”. Hortzek, gainera, hildakoen adinaren berri jakiteko aukera ematen dute, “zenbateko desgastea” duten begiratuta. Horrez gain, aipatu zuen balitekeela aukera izatea karbono 14ko datazioak, isotopoen analisiak (zer jaten zuten jakiteko) edota analisi genetikoak egiteko ere.

Beste “aurkikuntza polit bat” ere aitatu zuen: lepokoak egiteko erabiltzen zituzten harrizko pieza txiikiak. “Harrigarria da zein pieza txikiak lantzen zituzten eta zer nolako prezisioa lortzen zuten, eskuzko teknologia erabilita”.

Bestalde, jakinarazi zuen Agerreburuko tumuloa erreplika bitartez berreraikitzeko aukera proposatu diotela Aldundiari eta bere erantzunaren zain daudela.

Irukurutzetako tumuloan material gutxi

Irukurutzetako tumuloan egin dituzten lanen berri ere eman zuen. 2018an hasi zituzten tumuloa aztertzeko lanak: lehenik, garbitu egin zuten, egitura osoa agerian gera zedin; ondoren, kraterra errepasatu zuten, zerbait aurkituko zuten itxaropenez, nahiz eta jakitun ziren XX. mende hasieran Barandiaranek industu zuenerako jada “sakeatuta” zegoela. Hala ere, aztertzea erabaki zuten, Barandiarani edo Aranzadiri zerbaitek “ihes egin ote zien” jakiteko.

Azkenean, 2018an topatu zutena ondokoa izan zen: suarri bi, gezi puntak eta Frantsesen aurkako gerra garaikoak diren balak. 2019an, harrizko lajaren azpiko lurra aztertu dute baina han ere ez dute material aipagarririk aurkitu.

Frantsesbason harrizko piezak

Frantsesbasoko tumuloa 2003an deskubritu eta inbentariatu zuten, baina iaz arte ez da industu. Industu ostean jakin dute hilobia hildako bakarrarendako eraikitakoa dela, hilobi kolektiboak egiteari laga eta indibidualak egitera pasatu zirenekoa, harrizko hilobiak eraikitzen zituzten garaiaren hondarrekoa. Tumuloa sakeatuta zegoen eta ondorioz, aurkitu duten materiala espero zutena baino urriagoa izan da: hezurrik ez, metalik ez… Suarriak, kuarzoak eta ebakitzeko harrizko tresnak agertu dira, itxura batean hainbat lurraldetako harriekin eginak: Ebro ingurukoak, Trebiñokoak…

Sabuak diseinu berezia

2017an Sabua izeneko tumuloa topatu zuten Atxolinpean, bere garaian Aranzadik eta Barandiaranek aipatu zutena, baina gerora berriz identifikatu barik zegoena. 2019an industu egin dute.

Kata egiten hasi orduko ikusi zuten gainerakoek baino itxura hobea zuela. Orain, harrizko lajak eta tumulua markatu dute baina eguraldi txarragatik ez dute indusketa amaitzerik izan. Hala ere, diseinu berezia atzeman diote, kamararen sarbidea tumulotik kanpo ateratzen delako. Gipuzkoan ez omen da antzekorik ezagutzen, bai, ostera, Jentilarrin (Aralarren) eta Araban.

Bertan agertu den materialik bereziena garia eta bestelako elikagaiak ehotzeko erabiltzen zuten harrizko esku-errota izan da, eta ez ei da oso ohikoa dolmenetan halako tresnak agertzea. “Bizkaian ezagutzen dira beste bi eta Kantabriko guztian ez dago besterik. Ez dakigu ofrenda bat zen edo aldameneko txabola bateko harria”.

2020rako zereginak eta urteurrena

Tapiak, 2020an egin nahi dituzten lanen berri ere eman zuen. Lehentasuna, Sabuako indusketa amaitzea izango da eta itxaropena dute bertan pieza gehiago aurkitzeko, oraindik ere kamara barruan lur dezente gelditzen baitzaie zulatzeko. Horrekin batera, Aizpuruko Zabala tumuloa ere industu nahi dute.

Azkenik, Aranzadiko teknikariak gogorarazi zuenez, 2020an ehun urte bete dira Barandiaranek Elosua-Plazentzia estazioko tumuluak aurkitu zituela.   

 

 

 

 

 

 

 

 

    

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.