Mendigaineko 26.289 metro koadrotan 900 zuhaitz landatuko dituzte. Hori gauzatzeko, hitzarmena sinatuko dute Soraluzeko Udalak eta Bosques Sostenibles enpresak. Ekimenaren helburua da “klima-aldaketa geldiarazten laguntzea, berdegune eta espazio publikoetan zuhaitz-kopurua handituz, birika berde gisa jarduteko, gure udalerriko ingurumen-kalitatea hobetzen
laguntzeko”, dio Iker Aldazabal alkateak.
Kutsatzeagatik konpentsazioa
Kantabriako Bosques Sostenibles S.L enpresa arduratuko da landaketa horretaz. Ingurumen-kudeaketako enpresa da berau. Zelanbait esatearren, bitartekari lanak egiten ditu. Hain zuzen, jarduera kutsakorra duten hainbat enpresak kutsatzen dutena konpentsatzeko zuhaitzak landatzen dituzte, eta halako landaketak egiteaz arduratzen da Bosques Sostenibles enpresa. Bere zeregina da zuhaitzak landatzeko lurrak aurkitu eta zuhaitzak landatu.
Bada, aukera horren berri izanda, Soraluzeko Udala Bosques Sostenibles enpresarekin jarri zen harremanetan, eta mendigaineko lursaila eskaini zion, bertan zuhaitzak landa zitzan. Hark proposamena onartu, eta atzoko osoko bilkuran bien arteko hitzarmenari bide ematea onartu zuten.
Udalak aurreztu
“Hauteskunde kanpainan eta urreko legealdian agindu genuen urtero ahaleginduko ginela mendigainean lursailak erosi eta bertan landaketak egiten. Lursailak erosi ditugu, baina askotan ezin izan ditugu landaketak egin, kostu handia dutelako. Bosques enpresari esker, 900 arbola landatuko dira mendigainean, eta lursailaren garbiketaren, landaketaren eta lursailaren itxituraren gastu guztiak bere gain hartuko ditu. 12.500 euroko gastua aurreztuko du modu horretan Soraluzeko Udalak”, esplikatu zuen Ramon Gallastegik, Ingurumeneko eta Landa Garapeneko zinegotziak.
EH Bildu abstenitu
Hitzarmena bozkatzerako orduan, abstenitu egin zen oposizioko alderdi EH Bildu. Unai Larreategi bozeramaleak adierazi zuen gai horrekiko "ikuspegi ideologiko desberdinik ez" dutela, baina Udal Gobernua ez dela "gai izan landaketaen inguruan oinarri bat ipintzeko denok eroso sentitu ahal izateko".
Besteak beste, Roke Akizuk zein Unai Larreategi bilkideek azpimarratu zutenez, landaketak egiteko lursailak erosi beharrean, badaude helburu bera lortzeko beste bide batzuk, lursailen zesioak egitea, kasu.
Akizuren ustez, formula horrekin, lursailak erostera bideratutako dirua aurreztu egingo luke Udalak, eta bestelako gastu batzuetarako erabili ahalko litzateke, baso horien mantenu gastuei aurre egiteko, adibidez. “Azken batean, helburua da baso berriak sortzea, eta helburu hori berdin lortuko litzateke”, azpimarratu zuen zinegotzi bilkideak.
Iker Aldazabal alkateak, besteak beste, erantzun zuen lursailak erosita, lur horiek esku pribatuetatik esku publikoetara pasatuko direla, eta modu horretan, herriarendako izango direla.