Lapurretak eta lapurreta-saiakerak etxebizitzetan

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 6a, 09:26

Errekalde kaleko etxebizitza batera sartu ziren lapurrak, besteak beste.

Urtarrilean, hiru etxebizitzatan lapurrak sartu izana edo sartzen saiatu izana salatu dute beste horrenbeste bizilagunek. Bi kasutan balkoitik saiatu ziren, eta bestean leihotik. Bestalde, bariku gauean Erregetxeko garajeetan sartzen saiatu ziren.

Urteko lehen hilabetean, lapurretak eta lapurreta-saiakerak izan dira udalerriko hiru etxebizitzatan. Hiru kasuetan, gauez saiatu ziren ezezagunak etxebizitzetara sartzen; balkoitik saiatu dira sartzen bi etxebizitzatara, eta leihotik hirugarrenera. Azken horretan, paretan oinatzak antzeman zitezkeen. Hain justu, Errekalde kalean, Gipuzkoa etorbidean eta Alejandro Calonge auzoan izan dira gertakariak.

Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, hiru etxebizitzetatik bi lehen solairuak ziren; eta hirugarrena altuxeago zegoen. Edozein modutan, litekeena da hiru kasuetan ezezagunek alturaren bat baliatu izana balkoira zein leihora ailegatzeko. 

Lo zeudela

Lehen bi kasuetan, bizilagunak bertan lo zeudela ibili ziren lapurrak etxebizitza barruetan, baita diru apurren bat eta bestelako hainbat gauza eraman ere. Soraluzen lehen aldia da bizilagunak bertan daudela lapurrak etxebizitza barrura sartu direla. Bi bizilagunek Ertzaintzari ere aurkeztu dute salaketa.

Hala, Ertzaintzak esplikatutakoaren arabera, ez da batere arrunta lapurrak gauez sartzea etxeetara, oso erraza baita barruan bizilagunak egotea, eta hori, jakina, lapurrari ez zaio komeni. Horregatik, normalean goizez sartzen dira, bizilagunak lantokian edo errekaduetan egongo direla dakitelako. 

Sei salaketa

Xehetasunen arabera, urtea hasi denetik, Deba-Urola polizia-etxean sei salaketa jaso dituzte etxebizitzetan lapurretak egiteagatik; horietako bat Bergaran izan da; Soraluzen moduan, han ere bizilagunak barruan zeudela sartu ziren. 

Halako egoeraren bat gertatuz gero, poliziaren gomendioa da lapurrei ez aurre egitea, haiek eraso egin dezakete-eta.

Bestalde, bariku gauean Erregetxeko garajeetan sartzen saiatu zirela ere ohartarazi du Udaltzaingoak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.