Juan Ordax-Maite Zabala irabazle

Ubane Madera 2020ko ots. 3a, 18:09

Sekula baino lehiakide gehiago aurkeztu dira aurtengo San Blas lehiaketara: 12. Berdinketa izan da, gainera, hirugarren postuan. Sanblasak berriro probatu ondoren jakinarazi du epaimahaiak saridunak zeintzuk izan diren: 1- Juan Ordax, 2- Geine Roangela eta 3- Luis Gonzalez.

XIII. edizioa izan du aurten San Blas lehiaketak, eta badirudi urtetik urtera lehiakide gehiago animatzen dela; 10 izan ziren iaz, 7 orain dela bi urte, eta aurten, berriz, 12 herritar animatu da parte hartzera. 

Alaitz Quintas (Soraluzeko Udala), Ane Ugalde (Ezoziko Ama Abesbatza) eta Sergio Zabala (Itxaropena Erretiratuen Elkartea) epaimahaikideek lanak izan dituzte opilik onenak izendatzerakoan. Horren adibide, puntuak batu dituztenean konturatu dira hirugarren postuan berdinketa egon dela; eta atzera ere probatu behar izan dituzte sanblasak, berdinketa apurtzeko.

"Bien artean"

Hori bai, emaitzei dagokienez, lehen saria azken urteotako etxe berberera joan da; izan ere, Juan Ordaxek eskuratu du lehen saria, bestela esanda, Maite Zabalaren, azken urteotako irabazlearen bikotekideak. “Bien artean egiten ditugu”, esplikatu du Ordaxek.

Bigarren, berriz, Geine Rosangela Dos santos izan da; orain dela bi eta hiru urte irabazle izan zena. Eta hirugarrena, berriz, Luis Gonzalez izan da, baina sari-banaketa egin dutenean ez zegoen bertan. 

Lehiaketa amaituta, sanblas festa ederra egin dute askok, ohi denez, lehiaketako opilak herritarrek bertan jateko laga dituzte-eta.