San Blas egunak jarraitzaile finak ditu Soraluzen

Ubane Madera 2020ko ots. 3a, 14:43

Eliza gainezka zela ekin dio On Luis apaizak sanblas opilak bedeinkatzeko liturgiari. Go-gora, ahalik eta gorenen jaso dituzte zapietan batutako sanblasak, umeek, batik bat, ur bedeinkatuaren tantak haiek busti ditzaten. Eskuzabal aritu da apaiza, eta bete da liturgia. Amaieran, beste tradizio bat ere bete da: familia argazkiak ateratzearena.

Astelehen buruzuria izan arren, gaur ere argi ikusi da San Blas egunak indar handia duela Soraluzen, eta bete-beteta egon da Santa Maria la Real parrokia sanblas opilen liturgia denboran. Aldarean San Blas bera zaindari zela, bertaratutakok ahalik eta gehien goratu dituzte opilak On Luisek hisopoari eragiten zion bitartean.

Liturgia bukatuta, hainbatek aprobetxatu du San Blas bertan zela irudiaren ondoan argazkiak ateratzeko. Gehienek, hori bai, familian edo lagunartean elkartu eta sanblas opildun zapiak erakutsiz atera dituzte oroitzapenerako argazkiak, eliz atarian zein Plaza Berri inguruan.