Audientziak %36 egin du gora Plaentxia.eus-en

Egoitz Unamuno 2020ko ots. 3a, 08:00

Iaz, Plaentxia.eus-en audientziak %36 egin zuen gora, eguneko 800 bisitaren langa gaindituz. 

2019an zehar, Plaentxia.eus-ek hazkunde handia izan du, 2018tik %36 hazita  . Iaz, webguneak iaz 305.000 bisita jaso zituen guztira (2018an 196.866), egunean, bataz beste, 800 bisita kontabilizatuta. 

Pil-pilean herri komunikabideko erredakzio batzordea pozik azaldu da lortutako datuekin: “Plaentxia. eus-en Soraluzeko aktualitateari jarraipen estua egiten diogu egunero eta horri esker webguneak erreferentzialtasun handia lortu du plazentziatarren artean”. Erredakziokoen ustez, albiste kopuruarekin batera, urte hasieran webgunea berritu izanak eta orain bideoak zerbitzari propioan argitaratzeak ere lagundu dute webgunea erakargarriago egiten.

Hobetzeko asko

Hala ere, etorkizun hurbilean hobetzeko asko daudela uste dute eta 2020an horretan ahaleginduko dira. Besteak beste, aktualitatetik kanpo dauden gai gehiago lantzen, ikusentzunezko gehiago eta hobeak ekoizten eta herritarren iritzi gehiago jasotzen. Aldizkarian ere bide horretatik jo nahi lukete, “eduki atal berriak txertatuz”.

Eskerrak irakurle eta iragarleei

Erredakzio taldeak eskerrak eman nahi dizkie "Plaentxia.eus webguneko eta Pil-pilean aldizkariko irakurleei, elkarteko bazkideei, erakunde publikoei eta baita iazko urtean zehar euren iragarkiak jarri zituzten komertzio eta enpresei ere. 2020an ere profesionaltasunez eta inpartzialtasunez lan egiten ahaleginduko gara, plazentziatarrei kalitatezko informazioa eskaintzeko”.

Oharra: Urtarrileko aldizkarian publikatu da Plaentxia.eus-ek 2019an izan duen hazkundea %64koa izan dela baina zifra hori ez da zuzena. Webgune honek 2019an zehar bisitetan izan duen igoera %34 koa izan da.