Grafitiak Gaztelekuko atean

Ubane Madera 2020ko urt. 28a, 11:13
Gaztelekuko atean margotu duten grafitia. Argazkiak: Soraluzeko Udala.

Asteburuan, grafitiak azaldu dira Gaztelekuko atean eta kiroldegian eraikitzen dabiltzan solairuko pareta berrian. Horrez aparte, kiroldegi gaineko estolda zuloetako saretak lekutik kenduta aurkitu zituzten atzo. Halako gertakariak asteburu askotan errepikatzen direla ikusita, Soraluzeko Udalak adierazi du eskertuko lukeela herritarren laguntasuna. 

Asteburuan, Puto Ayunta vs Pueblo. Joder eta besteak beste, Temor (egilearen sinadura) dioten grafitiak egin dituzte Gaztelekuko atean eta inguruetan. Horrez aparte, estolda zuloetako sareta guztiak jasota aurkitu ditu udaltzaingoak.

Hori ikusita, eta kontuan hartuta orain dela pare bat aste kiroldegi-gaineko kristala apurtu egin zutela eta halako edo antzerako gertakariak ia astebururo errepikatu egiten direla, Udalaren aldetik herritarren laguntasuna eskatu dute: “Halakoren bat ikusiz gero jakinarazteko udaletxean, halako egoerak salatzeko. Denon diruak gabiltza gastatzen halako bandalismo ekintzak konpontzeko”, adierazi du Iker Aldazabal alkateak.

Hark esandakoaren arabera, datozen egunotan borratuko dituzte grafitiak; eta kiroldegi gainean apurtu zuten kristalari dagokionez, berriz, hura konpontzeko aurrekontuaren zain daude.