Atxikimenduak grebari Estatuko hainbat lurraldetatik

Ubane Madera 2020ko urt. 28a, 09:56
Pentsioen aldeko elkarretaratzea, atzo Kontzejupean.

Atzo, astelehena, txorizo egosia janez “ospatu” zuten pentsio publiko duinen aldeko borrokaren bigarren urteurrena. 70 bat lagun elkartu ziren Kontzejupean. Besteak beste, eguenari begira jarri, eta Estatu mailatik jasotako atxikimenduen berri eman zuten.

Protesta eta hamaiketako gozoa. Atzo, biak egin zituzten Kontzejupean pentsio publikoen aldeko asteleheneroko elkarretaratzean elkartu zirenek. 

Protestari dagokionez, egueneko greba orokorrari begiratu zioten. Besteak beste, Estatutik jasotako atxikimenduen berri eman zuten. Batzuk aipatzearren, jakinarazi zuten mobilizazioak egingo dituztela Galizian, Aragoin, Asturiasen, Madrilgo Erkidegoan, Andaluzian eta Katalunian. Eta atxikimenduak helarazi dituztela, berriz, honakoek, bestak beste: Madrilgo pentsiodunen mugimenduak, Indignados Móstoles y Alcorcón, Lleidako En Marea eta beste hainbatek.

Osteguneko grebari dagokionez, berriz, gogora ekarri zuten kontsumo greba re izango dela, beraz, eskatu zuten erosketak-eta bezperan egiteko. Horrekin batera, egongo diren mobilizazioen berri ere helarazi zuten.