Eragile ugarik babestu dute greba orokorra

Ubane Madera 2020ko urt. 25a, 13:38

Eragileak eta herritarrak Plaza Berrian, gaurko elkarretaratzean.

80 bat lagunek babestu du urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira eguerdian egindako elkarretaratzea. Besteak beste, bertan izan dira Soraluzeko mugimendu feministako, pentsiodunen mugimenduko, greba batzordeko, ELA eta LAB sindikatuetako, Sortuko eta EH Bilduko ordezkariak. “Borroka hau irabaziko dugu”, azpimarratu dute protesta ekimenaren amaieran.

Gaur eguerdiko elkarretaratzean, pentsiodunen mugimenduko eta ELA sindikatuko ordezkari banak helarazi dituzte greba egiteko arrazoiak. Hala, pentsiodunen mugimendutik aditzera eman dute eurek bi urte daramatzatela borrokan, eta beharra ikusi dutela “modu zabalagoan planto egiteko”. 

ELAtik, berriz, aditzera eman dute Euskal Herriko Eskubideen Gutunak behar hori bere egin eta haren baitan dauden sindikatuek eta eragile sozialek lan, pentsio eta bizitza duinen alde borroka egiteko beharra ere ikusi dutela. 

Soldata murritzak…

Horrekin batera, datu batzuk ere jakinarazi dituzte: 

  • 2008tik 2018ra pobrezia egoeran dauden lagunen kopurua handitu egin da 121.875etik 172.307ra.
  • Azken hamarkadan soldatek galdu dute ia 10 puntu eros-ahalmenean, batez ere, soldata baxuenek.
  • Prekarietatea geroago eta larriagoa da. Langabezia ere bai, eta soldatak gero eta murritzagoak.
  • Pentsioen sistema publikoan etengabe egiten dituzte murrizketak.
  • Aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da.

1.200 euroko gutxieneko soldata

Eta jakina, greba orokorra baliatuta lortu nahi dena ere esplikatu dute:

- Pentsioen sistema publikoa defendatzea.
- 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
- Haiek KPIren arabera igotzea.
- 1.200 euroko gutxieneko soldata-
- 35 orduko lan-astea, langabeziari aurre egiten laguntzeko.
- Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala ezabatzea.

Laburbilduz, bada, azpimarratu dute jokoan dagoela “Kapitala ala Bizitza”. 

Mobilizazioak

Bukatzeko, datozen mobilizazioen berri eman dute.

Ostegunean:

  • 11:00etan elkarretaratzea Soraluzen
  • 12:30ean eskualdeko manifestazioa Eibarren
  • 19:00etan manifestazioa Soraluzen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.