"Grebak eraginkorrak dira"

Ubane Madera 2020ko urt. 24a, 17:37
Gazteak Herriko Antzokian, azalpenak entzuten.

Gaur goizean, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek bertatik bertara entzun dituzte urtarrilaren 30eko greba deitzeko arrazoiak. Oneka Pentsiodunen Elkarteko, Debarroko ELA eta LAB sindikatuetako eta Soraluzeko greba batzordeko ordezkariek eman dizkiete azalpenak. Besteak beste, adierazi dute gure gizartean asko direla bizitza duina eduki ezin dutenak, eta aldiz, dirua egon badagoela, baina gakoa dela diru hori zela banatzen den; hala, horixe izango da urtarrilaren 30eko protestaren aldarrikapenetako bat. 

Ana Mezo, Oneka Pentsiodunen Elkartea: "250.000 pertsona bizi dira 700 euro baino gutxiagorekin, modu ez duinean (...) Baina dirua egon badago, arazoa da diru hori zela banatzen den (…) Pentsioak kobratzeko baldintzak kaskartu egin dira. Guk 2 urte daramatzagu borrokan, kalean, plazetan; gure pentsioengatik borrokatzen dugu, baina baita zuengatik ere".

Sindikatuak, elkarrekin

Jon Kirru, Debarroko LAB sindikatuko ordezkaria: "Greba hau egiteko arrazoi asko daude. Ze gizarte honetako leku askotan ez dago lan duina izateko aukerarik, ezta etxebizitza duinak izateko ere (...) Gaur egungo enpresa-ereduak eta enpresarien ereduak baztertu egiten du langileen segurtasuna eta ongizatea (...) Urtea hasi denetik dagoeneko 8 pertsona hil dira lan-istripuetan. Aurki zuek ere lanean hasiko zarete, eta 10 urte sindikatuan lanean ibili ondoren, ikusi dugu inguruko lana prekarioa dela, ez dagoela lan duinik bermatuta (…) EAEn dauden eskubideak lortu dira borrokari esker".

Amagoia Lasagabaster, Debarroko ELA sindikatuko ordezkaria: "Gaur egun, nahiz eta ikasketa onak izan, oso zaila edo ezinezkoa izango da lanpostu eta soldata onak lortzea. Orain 15-16 urte dituzten gazteek gurasoek baino txarrago bizitzeko aukera handiak dituzte. Historiak erakutsi du grebak eraginkorrak direla. Urtarrilaren 30eako izango da, batez ere, greba feminista, batik bat, ordaintzen ez den lan handia egiten delako. Beraz, zaintza greba izango da. Kontsumo greba ere bai, komertzio txikietan sinisten dugulako. Eta greba politikoa da, noski. Azken batean, eskuz aldatzen da, besterik ez. Beraz, aldarrikatuko dugu aberastasunaren banaketa".

Euskal Herriko Eskubide Sozialak

Gaur goizean, Herriko Antzokian halako eta bestelako dauak helarazi dizkiete bertan elkartu diren DBHko 3. eta 4. mailako gazteei. Finean, urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorraren nondik norakoak esplikatu dizkiete, jakinaraziz Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitu duela, eta haren baitan sindikatu, mugimendu, elkarte, eta eragile ugari daudela batuta. Halaber, greba egiteko arrazoi ugari daudela azpimarratu dute.

Bihar, "argazki masiboa"

Goizeko hitzaldira bertaratutakoen artean, U30eko Soraluzeko greba batzordeko ordezkariak ere izan dira. Haiek jakinarazi dute bihar, zapatua, greba orokorra babesteko elkarretaratzea eta egin eta "argazki masiboa" aterako dutela. 12:30ean da hitzordua, Plaza Berrian. Horrekin batera, jakinarazi dute, eguenean, greba orokorraren egunean, 11:00etan elkarretaratzea egingo dutela Plaza Berrian, eta gero autoak izango direla Eibarren egingo duten eskualdeko manifestaziora joateko. Gazteak ere gonbidatu dituzte eurekin bertaratzera, hala nahi izanez gero. 12:30ean hasiko da Eibarko manifestazioa. Greba orokorreko mobilizazioak bukatzeko, ostegunean 19:00etan manifestazioa izango da, Soraluzen.