Azken hilabeteotan, umeen garuna musikaz estimulatzeko Do, Re, Ni metodoa lantzen jardun dute Plaentxi Eskolan 3-7 urte bitarteko ikasleek. Umeen portaera ikertuta sortu zuen metodoa Xabier Lizaso oriotarrak, eta hain justu, sortzailea bera izan dute gidari Soraluzeko umeek. Adibidez, hark esana da matematikako ariketa batean baino lan handiagoa egiten duela garunak musika egiterakoan eta kantatzerakoan.
Gurasoak ere dantzan
Eta horrela, metodoaren oinarriei eutsiz, kirola, dantza, antzerkia eta musika jolas bihurtu, eta eguaztenean, umeengan bere metodoak duen eragin nabarmena erakutsi zuen Lizasok Do, Re, Ni ikuskizunarekin. Umeei dagokienez, zein baino zein pozago jardun zuten Lizasoren esanetara dantzan, antzezten eta kantuan. Deigarria izan zen ikustea zela txalo bakarrarekin eta etengabe irribarrea ahoan zuela, Lizaso gauza zela ume guztiei bere esana bete eragiteko, eta haiek pozik eta gustura erantzuten ziotela.
Umeak ez ezik, gurasoak eurak ere dantzan ipintzea lortu zuen musikari adituak.