“Estatu sakonak konponbiderako aukera zapuztu nahi du”

Egoitz Unamuno 2020ko urt. 23a, 08:00
'Bakea eta demokrazia. Erasorik ez' lemapean egin zuten elkarretaratzea.

Atzo arratsaldean berrogeiren bat herritarrek elkarretaratzea egin zuten Plaza Berrian goizean Guardia Zibilak burutu zuen polizia operazioa salatzeko. Ekitaldiaren amaieran, Sortuko kide batek agiria irakurri zuen salatuz “estatu sakonak; ultraeskuindar polizial, judizial eta mediatikoak, zabaldu den konponbiderako aukera zapuztu nahi duela”.

EH Bilduk ere agiria kaleratu zuen atzo polizia operazioa kritikatuz: "Ezer ez da kasualitatea. Atxiloketa hauek ere ez. Bultzatzen ari garen agenda demokratizatzaileari Estatu aparatuek emandako erantzunaren aurrean gaude". 

Atxilotuak aske 

Atzo arratsaldean, epailearen aurrean deklaratu ahala laga zituzten aske goizean Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak atxilotu zituen Sortuko lau kideak; Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia. Barne Ministerioak jakinarazi duenez, “terrorismoaren goratze” eta “biktimen umiliazio” delituak egozten dizkiete.