Udalerriko mapa toponimiko zaharberritua aurkeztuko dute eguenean

Ubane Madera 2020ko urt. 21a, 10:02

Eguenean, urtarrilaren 23an aurkeztuko dute Soraluzeko mapa toponimiko berria. Javier Elortza historiagileak, Jon Basauri ikertzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Jose Luis Ugarte adituak eta Euskaltzaindiako Mikel Gorrotxategik landutakoa da. 3.000 ale argitaratu dituzte eta herritarren eskura ipiniko dute aurkezpenaren ondoren. Lehenagoko mapa toponimikoa eguneratzeko helburuarekin egin dute berria.

2009an egin zen udalerriari buruzko azken mapa toponimikoa. Hala, eta Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailetik eskuratutako 9.600 euroko dirulaguntzari esker, mapa zaharberritu, eta berau argitaratu egin du Soraluzeko Udalak. “Toponimiaz aparte, urbanistikoki udalerrian egon diren aldaketak ere txertatu dituzte. Bestalde, eskertzekoa da Kontrargiren kolaborazioa, eurek lagatakoak baitira argazkiak”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak. 

Ale bana

Aste honetako eguenean aurkeztuko dute mapa zaharberritua, 19:00etan osoko bilkuren aretoan. Bertan izango dira maparen egileak: Javier Elortza historialaria, Jon Basauri ikertzailea eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Jose Luis Ugarte aditua. Eta haiekin batera udal ordezkariak ere izango dira, noski. Aurkezpenera bertara daiteke interesa duen edozein herritar, eta guztiei emango zaie mapa berriaren ale bana. Horrez aparte, aurkezpena borobiltzeko, luntxa izango da.

Guztira, mapa berriaren 3.000 ale argitaratu ditu Soraluzeko Udalak. Eta barikutik aurrera eskuragarri izango da udaletxeko bulegoetan.