Abiadura murrizteko bandak legezkoak dira

Ubane Madera 2020ko urt. 20a, 11:48

Autoa badenaren gainetik pasatzen.

Joan den astean, Errabalen eta Baltegietan ipinitako abiadura murrizteko bandak legezkoak direla eta duten funtzioa egoki betetzen dutela azpimarratu du Soraluzeko Udalak. Kexuak izan dira banda horien harira, altuegiak direlakoan, eta haiek saihestearren, hainbat ibilgailu espaloira igotzen direlako.

Joan den astean, abiadura murrizteko hiru banda berri ipini zituen Soraluzeko Udalak: Gila taberna baino lehen bata, Gaztelupe parean bestea eta Baltegietan hirugarrena. Harrezkero, hainbat kexu izan dira, banda horien ustezko altuera larregikoarengatik. 

Abiadura errespetatu ez

Bada, Iker Aldazabal alkateak azpimarratu du ipinitako bandak legezkoak direla, eta duten funtzioa egoki betetzen direla. “Zergatik ipini ziren? Ba oinezkoen gunea izanda, asko jota, 20 km/orduko abiaduran pasa behar dira ibilgailuak. Aldiz, bizkorregi pasatzen dira bertatik, nahiz eta egon badauden beste baden batzuk ipinita oraingoak baino lehenago, oinezkoen gunea hasten den lekutik gertu. Bestalde, pertsona nagusiek eta hainbat gurasok, haurrak dituztenek, eskaerak egin dituzte Udalak neurriak har ditzan ibilgailuek abiadura murrizteko, eta badenak ipintzea erabaki da. Hainbat herritarrek zebrabideak eskatu dizkigute, baina kalearen ezaugarriek (gorriz margotuta daude, harlauzazkoak dira, abiadura mugak garbi adierazita daude…) eta erdigunearen izaerak zehazten du lehentasuna oinezkoek dutela, beraz, zebrabideak ipintzeak ez du zentzurik; zebrabideak ipintzen dira errepideetan, ibilgailuek lehentasuna duten esparruetan, alegia. Hala ere, eta ikusita gehienezko abiadura ez dela errespetatzen erabaki da banda berriak ipintzea. 7 zentimetro dituzte, eta legezkoak dira”.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.